Bat-bateko mezularitza: Jabber 10 - ICQ 6
Enpresa israeldar batek ICQ asmatu zuen lehenbizi Instant Messaging (IM) edo bat-bateko mezularitza delakoa.
Helburua, Interneten ari zarela, zure lagunekin kontaktua egitea eta txateatzea da. Hor zaude, nabigatzen, lanean edo zerbait egiten, eta zure lagun Mikel konektatzen da sarera. IM programa horrek zure laguna konektatu dela abisatuko dizu, eta txateatzeko modua izango duzue. Baita fitxategiak bata besteari pasa edo hainbat sorginkeria ere.
Gero etorri ziren IM-rako sistema desberdinak:
- Lehen aipatutako ICQ bera.
- Microsoft-ek sortu zuen MSN Messenger
- Yahoo-ren Messengerra
... eta bidean desagertutako beste zenbait.
Kontua da sare banatuak direla, eta zuk MSN-ren IM-a badaukazu, ezin duzu Yahoo-rena duen lagunarekin kontakturik egin. Noski, enpresa hauei interesatzen zaie erabiltzaileak lotzea, nahiz eta Interneten filosofiaren aurka (edonork edonorekin kontaktatzeko modua).
Hori konpontzeko asmatu ziren tarteko zenbait programa, sare desberdinetan sartzeko ahalmena zutenak.
Baina iraultza Jabber sarearekin etorri da.
Jabber ?
Jabber sareak zenbait abantaila eskaintzen ditu:
- Irekia : Jabberen protokoloa librea, irekia, publikoa eta erraz ulertu eta inplementatzeko modukoa da. Noski.... XML-an oinarriturik. Honi esker edonork sor ditzake nahi bezainbat aplikazio sareari lotzeko.
- Hedagarria: XML-ari esker, edonork gehitu ditzazke funtzionalitate berriak, adibidez, enpresa baten barruan aplikazio zehatz batzuetarako. Berrikuntzak estandar bihurtzeko hor dago Jabber Software Foundation erakundea.
- Deszentralizatua: edonork jar dezake Jabber zerbitzari bat martxan, bere sare propio edo interesei jarraituz. Ez dago dena kontrolatzen duen enpresa zentralik.
- Segurua: edozein zerbitzari banatu daiteke besteen saretik, eta zerbitzari askok erabiltzen dute segurtasuneko SSL protokoloa.
- eta azkenik, beste sareekin (Yahoo, MSN, ICQ eta abar) lotzeko aukera ere izaten da.
Gauzak ongi doaz Jabber sarean, eta orain arte liderra izan den ICQ-ren arrakasta gainditu du. ICQ-ren jabeek diotenez 6 miloi erabiltzaile dituzte. Jabberrek 10 miloi lortu omen ditu gainera, oso denbora gutxian, sistema guztietan berriena bait da.
Aukeratu zure Jabber sarerako programa eta hasi lagunekin kontaktatzen!
Erantzunak kargatzen...