Laguntza eskaera desesperatua da hau. Hondeamakinek gaur bertan bota dezakete Artozki. Lehenago Itoitz, Nagore eta Orbaitz bota zituzten, eta guk nahi badugu, ezer egiten ez badugu, gaur, bihar edo etzi ausartuko dira Artozki ere botatzera.
Dagoeneko, Itoizko urtegiaren aurkako borrokaren sinboloa da herria, eta Nafarroako Gobernuak ederki daki hori. Urtegia betetzen jarraitzen badute ere, oraindik hilabeteak beharko dira ura Artozkiraino iristeko. Ez dago herria botatzeko inolako beharrik, baina sinboloa delako, urtegiaren aurkako borroka gelditzeko ezinbestekoa iruditzen zaielako, bota egin nahi dute. Gaur, bihar edo etzi. Lehenbailehen.
Herritarrek, malkoak begietan, astelehenean alde egin behar izan zuten, eta izan zen hondeamakinak bere etxea botatzen ez ikustearren ehunka urteko bere etxeari su eman zionik ere. Ordudanik, Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideak daude herrian, etxeetan, hondeamakinak iristen direnean teilatuetan edota etxeen barruan ahalik eta gehien iraun asmoz.
Haiekin batera, Kataluniatik, Galiziatik eta Europako zenbait bazterretatik iritsitako ekologistak ere herrian daude, bestelako mundu bat posible dela sinesten duten zenbait lagunekin eta nudistekin batera. Artozki, azken batean, erokeriari suntsitzaileari aurre egin nahi dion herria da. Eta guztion beharra du.
Asteburuan hainbat ekitaldi eta batzar egin dira herriari arnasa emateko. Besteak beste, herria artez betetzea erabaki zen. Artozki lehen baino are arte lan garrantzitsuagoa bihurtzea. Azken batean, margolari ezagunek etxeak margotzea nahi da. Balio kultural handiko koadroak etxeetan zintzilikatzea. Eskulturak jartzea. Idazleek sinaturiko liburuak etxeetan sartzea, edonon liburuak uztea, eta diskoak, abeslari edo musikari ezagunen musika-tresnak, edozer. Horiek galtzea Artozki suntsitzearen hondamendia are handiagoa bihurtuko duen edozer.
Halaber, Artozkin egunero kulturgileak, kirolariak, kazetariak, sukaldariak, ordezkari sindikalak eta, oro har, gizarte eragileak ezkutu eta lekuko gisara egotea ezinbestekotzat jo zuten herritarrek. Eta, beraz, horretarako premiazko deia ere luzatzen dizugu. Kazetaria bazara, etor zaitez herrira. Argazkilaria bazara, zatoz argazkiak ateratzera. Musikaria bazara, hurbil zaitez bertara, antolatu astebururako kontzerturen bat, eraman jendea. Margolaria bazara, ekin lanari, eraman zerbait Artozkira,edota margotu han bertan. Idazlea bazara, sinatu zure liburu bat, idatzi testu bat eskuz, utzi zerbait Artozkiko edozein etxetako sukalderen batean. Kirolaria bazara, utzi zure elastikoa,zure bizikleta,zure aizkora, zure traineruak irabazitako azken bandera, zure taldekideek sinatutako baloia, edozer. Ahal duzuna. Ezinbestekoa da. Denak balio du.
Eta, noski, mezu hau ahalik eta helbide gehienetara zabaltzeko ere eskatu nahi dizugu. Bidali ahal duzun jende gehienari. Egunero taupadaz bete behar dugu Artozki. Egunero ezkutuak behar ditugu herrian. Ahalik eta lagun gehienek ezagutu behar dute herria, hondea- makinek egin dezaketen basakeria lau haizeetara zabaltzeko.
Zatoz lehenbailehen Artozkira!
Erantzun
Sartu