Gaztetxoei zuzendutako zientziaren II. ZerNola Olinpiada urrian hasiko da. ZerNola atarian izena emateko epea irekita dago. Gaztetxoak zientziara hurbildu nahi dituen olinpiada hau DBHko 1. eta 2. mailako ikasgelentzat da. Irabazleek Urbasako Bioitza aterpetxean asteburuko egonaldia irabaziko dute eta, bertan, espeleologia, eskalada, mendi-irteerak... egiteko aukera izango dute.
Urrian, www.zernola.net atariko maskotak, Armix-ek, II. ZerNola Olinpiadako lehenengo proba kaleratuko du; horixe izango da lehiaketaren hasiera. ZerNola Olinpiaden helburua gaztetxoek zientzia era dibertigarrian ikastea da. Horretarako, Euskal Herri osoko DBHko 1. eta 2. mailako ikasgela guztiak daude gonbidatuta olinpiadan parte hartzera.
Hilero, urria eta maiatza bitartean, zientziaren inguruko proba bat gainditzea proposatuko zaie parte-hartzaileei. Probak gelakide guztien artean egiteko dira eta erantzuna posta elektroniko bidez bidali beharko dute. Jasotako erantzunak lau irizpideren arabera puntuatuko dira: egokitasuna, originaltasuna, azkartasuna eta erantzuna egoki landu eta aurkeztea. Hil bakoitzeko irabazleek sari bat jasoko dute, ikasgelan erabili ahal izateko materiala, hain zuzen ere. Baina hileroko puntuak batuko dituen sailkapen nagusia ere izango da eta maiatzean II. ZerNola Olinpiadako sailkapen nagusiko gela irabazleak sari nagusia eskuratuko du: asteburu-pasa Urbasako Bioitza aterpetxean.
Lehenengo ZerNola Olinpidan, guztira Euskal Herriko 58 ikasgelak hartu zuten parte. Lehenengo edizioak izan zuen arrakasta ikusteak, bigarrena martxan jartzeko animoak eman dizkigu, dio Eneko Imazek, www.zernola.net atariaren arduradunak. Gela irabazleak, Donostiako La Salle ikastetxeko DBH 1 gelak, Hondarribiko Elkano aterpean pasa zuen asteburua eta han, besteak beste, piraguan eta txalupan ibili ziren.
Elhuyar Fundazioak 2002ko apirilean jarri zuen sarean www.zernola.net. Atariaren xedea 1014 urte bitarteko gazteei zientzia hurbiltzea da. www.zernola.net-ek natura hobeto ezagutzeko erremintak eskaintzen ditu eta zientziaren alorrean sortzen diren berrikuntzen berri ematen du; irakasleei lanerako material interesgarria jartzen die eskura eta zientziaren alderdi ludikoa erakusten die ikasleei.
Oraindik izena emateko denbora baduzue. Lehenego froga argitaratu da jada www.zernola.net atarian, hain zuzen Olinpiadak estekan ikus daiteke. Honen erantzuna bidaltzeko urriaren 24a arte duzue denbora.
Izen-ematea honako estekan egin beharko duzue:
http://www.zernola.net/olinpia_erregistroa.asp
Zorte on eta anima zaitezte parte hartzera!
Aipatu olinpiada honetan parte hartu nahi genuke, DBH1eko ikasleekin. izen emateko aukerarik ba al dugu oraindik? Hala bada, hona hemen gure gelako datuak:
UZTURPE IKASTOLA
DBH 1eko 18 ikasle