Sustatu logoa Teknologia albisteak

Irailaren 11: kabinatik SMSak bidaltzen

Usoa Agirre - Goiena
2003-09-12 13:09
Deskubrimenduaren hasiera

Deskubrimenduaren hasiera

Ostegun arratsaldea da. Renferen aldiriko trenean etorri naiz Tolosara, lagun batekin geratuta nagoela eta. Triangulo plazan egin dugu zita, eta hara abiatu naiz ordua baino pare bat minutu lehenago. Puntu-puntuan iritsi naiz plazara, baina nire lagunaren arrastorik ez. Neska ez da oso puntuala, eta ordu laurden itxoiten egotea erabaki dut, ordurako ez badator, banoa. Baina, ordu laurden, ordu erdi, ordubete, eta lagunaren arrastorik ez. Poltsatik eskuko telefonoa atera eta lagunari deitzea pentsatu dut.

Hau kasualidadea, gehien behar dudanean dirurik ez segapotoan! Ondoan ditudan gazteei eskuko telefonoa eskatzea pasa zait burutik, baina ez dut inoiz ezer inori eskatzeko adorerik izan, eta orain gutxiago. Pixka bat lasaitzeko plazako kabina baten kontra jarri dut bizkarra, lagunak deitzea beste erremediorik ez dudala pentsatuz. Telefono kabinari begira jarri naiz. Zerbait arraroa antzeman diot. Teklatu arraroa, instrukzio arraro batzuk... Hara! Mezuak bidali daitezke eta!

Jarraibideak

  • Lehenengo *01 markatu eta menuan sartzen zara.
  • Menuan, bidali nahi duzun mezu mota aukera dezakezu, SMS, e-mail edo faxa.
  • Hori eginda, mezua eta telefono zenbakia idatzi, eta OK teklari eman.

Gehienez 143 karaktere idatzi daitezke mezu batean, eta gehiago idatziz gero bi mezu jasotzen ditu hartzaileak. Mezua telefono finko batera bidaltzeak 15 zentimoko kostua du eta sakelako telefonora bidaliz gero, 18 zentimo kostatzen da. Hala ere, jakina da Telefonicako kabinek ez dutela zentimorik itzultzen, beraz 20 zentimo sartuz gero, kostu hori du mezuak.

Informazio bila

Aurkikuntza eginda, informazio gehiago biltzen saiatu naiz. Dirudienez, uztaila amaieran hasi zen Telefonica bere kabinetan zerbitzu hori eskaintzen. Software berezi bat ezarri dute kabina publiko guztietan, eta horrez gain, baita teklatu xelebre bat ere: zenbakien gainean letradun pegatinak jarri dituzte.

Beraz, badakizue, sakelako telefonorik eduki ezean, baduzue kabinetatik mezuak bidaltzeko aukera. Baina, argi, kabinek ezin dute eta mezurik jaso.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu