Teknologia albisteak

Euskaltegian izena emateko garaia

Erabiltzailearen aurpegia
AEKren prentsa bulegoa
2003-09-16 : 10:09

Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) 2003-2004 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu du, "Euskal Herria euskalduntzeko bidean AEKrentzako ezezik euskal gizarte osoarentzako erronka suposatuko duena" AEKren Nazio Batzordeko kideek adierazi dutenez.

Helduek euskara ikasi behar dute eta dakitenek erabili egin behar dute. Iragan apirilean Iruñean Korrika 13 arrakastatsuaren bukaeran Martxelo Otamendiren hitzak berriro gogora ekarrita "Oso ondo dago korrika egitea, baina euskara ikasi beharra dago. **”Bihar denok euskaltegira”**. Bada, euskaraz bizitzeko proposamena egiten du ostera ere AEK-k.

Ikasturte berri bat hastera doa eta asko ari dira orain ikasturtean zer egin erabakitzen. Maila pertsonal zein profesionalean aurrera egiteko bere denbora zertan inbertitu erabakitzen. Aurten euskara ikasi nahi duenak edo ikasten jarraitu nahi duenak ez du aukera galdu behar. AEK-k bakoitzaren intereseko eskaintza egiten du aurten.

Matrikulazio epea zabalik dago jadanik

Gure aurtengo irudiak aditzera eman nahi duen legez ("Bai esan? Díselo en euskara"), euskaraz galdetu, euskaraz erantzun, euskaraz hitz egiteko, euskaraz esateko gai izan behar da euskal herritar oro. Beraz, ez dakienak ikasi egin behar du euskara. Horixe da erronka: euskara ikastea eta erabiltzea, euskaraz komunikatzea eta bizitzea.

ETA HORRETARAKO AEK DA AUKERARIK ONENA. ZERGATIK?

GURE ESKAINTZA ZABALARENGATIK: AEK-k hainbat aukera eskaintzen dituelako, Euskal Herrian dituen ehundik gora euskaltegietan, ikasleen behar eta interesei erantzuna emateko:

Urte osoko ikastaroak. Eskolak astelehenetik ostiralera bitartean ematen dira, eguneko bi ordu. Zenbait ordutegi aukeran; goizez arratsaldez zein gauez.

Ikastaro trinkoak. Eguneko 4 edo 5 ordu, goizez zein arratsaldez, hiru hilabetean eta urte osoan aritzeko aukerarekin.

Enpresa eta erakundeentzako ikastaro bereziak

Enpresa edo erakundeen euskararen normalizazioari begirako metodologia eta euskara sustatzeko planak. Elkarlanean, helburuak eta jarduerak egokituz eta aholkularitza eta laguntza zerbitzu iraunkorrarekin.

Hizkuntza eskakizunak eta EGA:

EGA (Euskararen Gaitasun Agiria). Euskararen Gaitasun Agiria eskuratu nahi dutenentzat azterketa gainditzeko ikastaroak (atarikoa, idatzizko azterketa eta ahozko azterketa).

IVAP. Administrazioan lan egiten ari diren langileentzat edo bertan lan egin nahi dutenentzat, lan postuaren arabera gainditu beharreko azterketari egokitutako ikastaroak (lau maila).

IRALE. Irakaskuntzan lan egiten ari diren langileentzat edo bertan lan egiteko izena eman duten diplomadun edo lizentziadunentzat. Maila biak (2. mailakoa EGAren baliokidea da)

Barnetegia

Bost orduko eskolak egunero eta hainbat ekintza eta irteera Foruko barnetegian, Bizkaian, Urdaibaiko natur erreserban, Gernikatik hurbil. 24 orduz euskal giroan murgilduta egoteko, eskolan zein eskolatik kanpo harreman guztiak euskaraz garatzeko.

BESTE HAINBAT ARRAZOIRENGATIK: AEK zeregin horretan eskarmenturik handiena bildu duen erakundea delako; ikasleek AEKn euskara ikasteko metodorik aurreratuenak eta eraginkorrenak topatuko dituztelako; irakasleak horretarako prestaturik daudelako, eta gainera AEK-k sekulako esfortzua egiten du irakasle guztiak etengabe trebatu daitezen; teknologia berriek eskura jartzen dizkiguten aukerez baliatu ahal izango dutelako; AEK Euskal Herri osoan dagoen erakunde bakarra delako eta, hortaz, ikasleek beti topatuko dutelako AEK-ko ikasgu bat etxetik hurbil; AEKn izena ematen duten guztiek hilero-hilero Aizu! aldizkaria doan jasoko dutelako euskaltegian; azken buruan, gure euskaltegi eta barnetegietan euskaraz mintzatzen, idazten, irakurtzen, baina batez ere euskaraz bizitzen irakasten dugulako.

_AEK-k urriaren lehenean hasiko du ikasturtea. Izena emateko hoberena hurbileneko euskaltegira jotzea da, eta 902 362 294 zenbaki telefonoan ere eska daiteke informazioa._ **Gure eskaintzaren gaineko xehetasun gehiago nahi izanez gero, AEKren webgunean aeknet.net aurkituko dituzue. Bertan gainera aurrematrikula egiteko aukera dago.**

Erantzun

Sartu