Sustatu logoa Teknologia albisteak

Tabako kontsumoaren aurka: gaixoen irudiak

sustatu - sustatu
2003-09-09 15:09

Erabaki horrekin batera, irudiak erabiltzeko baldintzak ezarri dira. "Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du" printzipioari jarraiki, aginte komunitarioak tabakismoaren aurkako fase gogorrago batera salto egin du. Horrela, kolorezko argazkiak eta ilustrazioak sartuko dituzte tabako paketeetan 2004ko urriaren 1etik aurrera. Hala ere, estatu kideek beren kabuz erabakitzeko aukera izango dute, ekoizleak argazkiak eranstera behartuz edo ez behartuz.

Txokezko tratamendua

Gaur egun, Kanada eta Brasilen erabiltzen dira "txoke argazkiak", esaterako, minbiziaren ondorioz hilzorian dauden pertsonen argazkiak edo gaitzak hartutako biriken irudiak. Europan, Komisioak irudi biltegia sortuko du, argazki eta irudiak zentralizatu ahal izateko. Horrela, estatu kide bakoitzak erabili nahi dituenak aukeratuko ditu. Hori guztia martxan jartzeko, deialdi publiko bat egin dute, interesatuek irudiak sortu eta testatu ditzaten.

Horrez gain, tabako paketeek daramatzaten osasunaren gaineko oharretan telefono zenbaki edo Interneteko helbideren bat erantsi ahal izango da. Horietan, erretzeari uzteko moduen inguruko informazioa eskuratuko dute interesatuek.

Estatu kideak ez daude neurria praktikan jartzera behartuak. Baina, irudiak eranstea erabaki duten estatuetatik datorren tabako inportazioa mugatu dezakete neurri berri hau onartu ez duten estatuek.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu