906 telefonoen iruzurrak aurrera darrai Interneten
Haurrrak biktima nagusiak
Askotan, markazio automatikoko programa horiek erabiltzailea konturatu ere egin gabe instalatzen dira ordenagailuan. Berehalako mezu programen arrakastak, logo, melodia, joku eta abarren publizitate bonbardaketak, eta esperientzia ezak, iruzur honen biktima bihur dezake erabiltzailea. Haurrak dira biktima nagusiak, eta azken aldian Interneten haurren kopuruak gora egin duenez, iruzurra ere handitu egin da.
Salaketak
Interneteko Erabiltzaileen Espainiako Elkarteak (AUI) erabiltzaile bakoitzak bere operadoreari 906 eta 806 telefono-lineetatik deskonektatzeko eskatzea gomendatzen du. Bestalde, AUIk salatu duenez, atari eta medio elektroniko nagusiek, publizitatea onartuz, linea horiekin bat egiten dute, eta horrek oraingo legedia urratzen du.
Zientzia eta Teknologia Ministerioari ere zuzendu dio bere salaketa AUIk. Duela urtebete onartu zen Interneteko legea (LSSI), eta iruzur kasuak nabarmen gehitu arren, ministerioak ez du inongo esku-hartzerik egin, ez iruzurgileen aurka, ezta horien publizitatea egiten dutenen aurka ere.
Konponbidea
Arazo larri hau konpontzeko irtenbidea ez da zaila: nahikoa da telefonoei, defektuz, funtzio hori desaktibatzea, eta beste telefono-linea batzuk erabili nahi dituenak bere telefonotik bat egin dezala zerbitzuarekin.
Erantzunak kargatzen...