Teknologia albisteak

Mozilla Euskaraz proiektua ofizialtzat hartu du Mozilla.org-k

Erabiltzailearen aurpegia
Harremanak lan-taldea - librezale.org
2003-09-04 : 10:09

Hainbat hilabeteko lanaren ondoren, librezale.org informatikazale talde euskaldunak aurrerapausu nabarmena lortu du "Mozilla Euskaraz" proiektuaren sendotze prozesuan. Izan ere, abuztuaren 8az geroztik, Mozilla.org komunitateak ofizialtzat jotzen du nabigatzaile librearen euskarazko bertsioa.

Mozilla Euskaraz proiektuaren azken bultzada hau 2002 urrian hasi zen, ikasturte berriarekin batera Bilboko ZUHAR informatika enpresak bere gain hartu zuenean nabigatzailea euskaratzeko ardura. Era irekian burutu nahi izan zen lan hori, erabiltzaileek haien ekarpenak egiteko aukera ematen zuen foro baten bitartez.

Proiektuarekiko atxikimendua hain zabala izan zen internauta euskaldunen artean non, azkenean, foro hark izaera propioa hartu eta ZUHAR enpresatik askatu baitzen, gaur egungo librezale.org taldearen sorrera eraginez. Talde horretatik bideratu dira Mozilla Euskaraz proiektuaren azken mugimenduak, nabigatzailearen 1.4 bertsioaren euskaratzea eta mozilla.org komunitatearekiko kontaktuak barne.

Mozilla.org komunitatea Mozilla nabigatzailea garatzeko ardura duen informatikari taldea da. Mozilla kode irekiko programa da, hots, edozeinek hartu, kopiatu, eraldatu eta hobetu ahal du nahi izanez gero, bere kodeak ez baitu jabe zehatzik, eta horri esker zabalkunde handia lortu du. Plataforma informatiko guztietan erabil daiteke, eta munduko 98 hizkuntzatan eskura daiteke.

Abuztuaren 8az geroztik, bada, Mozilla Euskaraz proiektuak, azken kalitate kontrolak pasatu ondoren, izaera ofiziala lortu du mozilla.org-ren eskutik. Horri esker, hemendik aurrera librezale.org-ren webguneaz gain, mozilla.org-ren webean ere deskargatu ahal izango da nabigatzaile euskalduna.

Helbide interesgarriak

Erantzun

Sartu