Zehazki esanda, hedabideetan euskara sustatzeko dira Eusko Jaurlaritzak atera dituen dirulaguntzok. Gaur Miramarren eginiko agerraldian eman dituzte jakitera. 3.787.693 euro erabiliko dira sustapenerako.
Kultura sailburuak aurkeztuta, Gobernu Batzordeak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bideratzen dituen euskararen erabilera sendotu eta indartzeko eta euskarazko komunikabideen egitasmoak bideragarriago egiteko dirulaguntzak onartu ditu.
Aurtengoan, 3.787.693 euro erabiliko dira euskarazko prentsa idatzia -egunerokoa zein aldizkarietan- euskarazko irrati eta herri-telebistak eta teknologi berrietako euskarazko prentsa eta euskararen erabilera prentsan sustatzeko. Laguntza hauek Euskararen Legeak diona betetzera datoz, non herritarrei euskaraz ere albisteak jasotzeko eskubidea aitortzen zaie eta hori bermatzeko Eusko Jaurlaritzari euskararen presentzia hedabideetan bultzatzeko sustapen neurriak hartzea eskatzen dio.
Prentsa idatziko laguntzak euskara hutseko proiektuei bideratuko zaizkie eta halaber, lagunduko dira gaztelerazko prentsa idatzian euskararen presentzia areagotzeko ekimenak. Euskarazko prentsa idatzian laguntzak, eguneroko prentsari, astekariei, haur eta gazte aldizkariei, bestelako aldizkariei eta EAEko toki-aldizkariei (herri, udalerri edota eskualdekoak) luzatuko zaizkie. Laguntzak jasotzeko zehaztutako autofinantzaketa izan beharko da eta beharrekoak diren legezko gordailua eta ISSN delakoa izan beharko dute. Horrekin batera, eta hedabide mota bakoitzaren bereizitasunak kontuan izanda, gutxieneko tiradak, maiztasunak eta orrialde kopuruak eskatuko dira.
Euskarazko irrati eta euskarazko herri-telebisten alorrean, baldintza izango da, irratien kasuan: urtean zehar, astez-aste gutxienez 25 orduz euskarazko saioak emititzea; eta herri-telebisten kasuan, urtean zehar, astean gutxienez 10 orduz euskarazko saioak emititzea.
Laguntza agindu hau irailaren 10eko Euskal Herriko Aginte Aldizkarian argitaratuko da.
Erantzun
Sartu