Estatu Batuetara bidaiatzeko pasaporte digitala
Urriaren 1ean hiriburu guztietan eskuratu ahal izango da. Pasaporte berria uztailaren 25az geroztik eskuratu daiteke. Hasiera batean, ziurtagiriak espainiar estatuko 22 lekutan hasi ziren egiten, Bilbon eta Iruñean barne. Dokumentu digital honek, faltsifikazioak ekiditeko fidagarritasun handia dauka. Dokumentu horren bidez, Estatu Batuetara bisatu gabe bidaiatu daiteke, beti ere, hiru hilabete baino gutxiagorako. Eskaera egin eta gehienez ere bi egunen buruan eskuratzen da.
Argazki eta sinadura elektronikoak
Uztailaren 25ean hasi zen dokumentu berri honen ibilbidea. Estatuko 22 lekutan eskuratu daiteke gaur egun. Baina, urriaren 1etik aurrera probintzia guztietako hiriburuetan tramitatuko da. 2004ko urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, Espainian pasaportea tramitatzen den 320 puntuetan eskuratu ahal izango da.
Pasaportearen eredu honek Europar Batasuneko ebazpen batzuek ezarritako eredu uniformera egokitzen da. Teknologia digitalak erabili dira pasaporte berria sortzerakoan. Horrela, dokumentuaren iruzurrezko erabilera ekidingo da, titularraren argazki eta sinadura elektronikoak baitaramatza.
Hizkuntza
Dokumentu berriak aurrekoaren antzeko tamaina dauka. Liburuxka bat da eta azalaz gain, koerlatiboki zenbatutako 32 orrialde ditu. Azalean "Europar Batasuna" eta "Espainia" hitzekin batera, Espainiako armarria eta "pasaporte" hitza agertzen dira.
Pasaportean erabiliko den hizkuntza gaztelania da. Zera dio, Acebes, Espainiako Barne Ministroak euskara, katalana eta gailegoari dagokienez:"Europako ebazpenek estatu bakoitzeko hizkuntza ofizialak aipatzen dituzte, ez estatu horietako zonalde jakin batzuetan dauden hizkuntza ko-ofizialak. Horregatik, estatu mailako hizkuntza ofizialak bakarrik jasotzen dira".
Tramitazio arina
Pasaportea eskatzerako orduan, titularra 30 urte baino gazteagoa bada, bost urteko luzatu ezinezko baliozkotasuna dauka. Bestela, baliozkotasuna hamar urtekoa izango da. Bestalde, eredu berri honek tramitazioa arintzen du. Dokumentu berria bi lanegunetan eskuratu ahal da. Era berean, europar eta nazioarteko araudiari egokituta dago.
Ordena teknikoaren zirkunstantzien arabera joango da zabaltzen pasaporte berriaren ezarpena. Aurreko ereduko pasaporteek baliozkotasuna mantenduko dute iraungipen data heldu bitartean. Baina, Estatu Batuetara bidaiatzeko ez dute balioko.
Estatu Batuetako Administrazioak, irailaren 11ko atentatuen ondoren, araudi berria onartu zuen. Araudi hori urriaren 1ean jarriko da indarrean. Horrek, bisatua behar ez duten herrialdeak behartzen ditu, bidaia turistikoetan edo negozio bidaietan, bisatua lortzera edota irakurketa elektronikora egokitutako pasaportea eskuratzera.
Erantzunak kargatzen...