Teknologia albisteak

Elhuyar Fundazioak antolatutako I. Tesi Lehiaketara aurkezteko azken eguna, irailak 15

Erabiltzailearen aurpegia
Rakel Lopez - Elhuyar Fundazioa
2003-09-02 : 12:09

Elhuyar Fundazioaren Basque Research atariak I. Tesi Lehiaketa jarri zuen abian pasa den ekainean. Lanak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez aurkeztu daitezke, irailaren 15a arte, beranduenez. Tenerifen astebeteko egonaldia (bi lagunentzako) jasoko du saritzat irabazleak.

Elhuyar Fundazioaren Basque Research atariak urtebete egin zuen ekainean. Atariaren urteurrena ospatu eta ikertzaile berrien lanak plazaratzeko, I. Tesi Lehiaketa jarri zuen abian orduan. Lehiaketa honetan, 2001-2004 epean aurkeztutako doktoretza-tesien laburpenak aurkeztu behar dira. Laburpenek 3.000 karakterekoak izan behar dute, gehienez ere. Gaiak, berriz, zientzia eta teknologiarekin zerikusia izan behar du. Nahi izanez gero, tesiaren laburpenari irudi bat eranstea ere badago. Lanak euskaraz, gazteleraz, ingelesez edo frantsesez aurkez daitezke.

Aurkezteko azken eguna irailak 15

Irailaren 17tik aurrera, aldiz, jasotzen diren lan guztiak www.basqueresearch.com atarian izango dira ikusgai. Hortik aurrera, atariaren bisitariek gustukoen duten tesia bozkatu ahalko dute, urriaren 19a arte. Boto gehien jasotzen dituen tesiak irabaziko du lehiaketa eta Teneriferako bidaia. Urriaren 21ean plazaratuko da irabazlearen izena. I. Tesi Lehiaketa honen oinarriak www.basqueresearch.com web gunean dituzue.

Basque Research atariari buruz

Iaz jaio zen www.basqueresearch.com atariak 2.500 bisitari izaten ditu –batez beste- hilean. Horrez gain, 82 berriemailek, 73 kazetarik eta bestelako 208 lagunek dute izena emana atarian. Basque Research datu-baseak 280 berri, 232 ekitaldi eta 152 fitxa ditu euskal ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren direktorioan. Hain zuzen ere, Elhuyar Fundazioa Alphagalileo-ren (Europako ikerkuntza web gunea) korrespontsal bilakatu zen pasa den urteko martxoan, Basque Research atariaren bidez. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Ipar Euskal Herrian egiten den ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren berri ematen du Basque Research-ek Europako webgune horretan.

Erantzun

Sartu