Sustatu logoa Teknologia albisteak

Nabarralde eta bere webgunea

ehj-navarrek landuta zuen gaia, ingelesez

ehj-navarrek landuta zuen gaia, ingelesez

Berehalaxe agertu zitzaigun www.ehj-navarre.org webgunea. Hantxe ageri zitzaigunak aztoratu eta ikaratu gintuen: Nabarralde sortu baino lehenagotik, azken 10 urteotan hainbat lagunek egindako liburu, artikulu eta hausnarketak bilduta zituen ehj-navarrek. Nafarroa Euskal herriaren adierazpen historiko, politiko eta juridiko gisa agertarazten zuen webgunearen aitzinean gaunden. Hain zuzen ere, guk egin behar genuen webgunea. Egina zegoen, beraz. Hori bai, erreferentzia guztiek sentsibilitate horretatik edaten bazuten ere eta ekimen honetan esku hartzen dugun zenbaiten izenak ageri baziren ere, eduki guzti-guztia ingelesez ageri zen. Horrek gehiago aztoratu gintuen.

Ezagutza sakona adierazten zuten artikuluek

Webgunea nork egiten zuen ez genekien. Inondik inora ere. Gure inguruan galdetu genuen eta inork ez zigun taxuzko erantzunik eman. Alta, ehj-navarre webgunean argitara ematen ziren artikuluen sakontasuna eta maila intelektuala izugarria zen. Gure herriaren iraganaz gain, orainaren ezagutza oso sakona adierazten zuten artikuluak ziren.

Estatu Batuetako Nabarraldekoak ezagutu genituen

Haiekin kontaktua egin beharra genuen. Ez zeukan inolako zentzurik gure webgunea eraikitzea beraienean gure eduki guztia eta gehiago egonik. Posta-E bidez kontakturako eskaria egin genien, ingelesez, eta nortzu ote ziren galdegin genien. Erantzuna, euskaraz: "Gu zuek gara". Bertzerik ez. Haiek gu ziren baina gu, hain zuzen ere, ez ginen, bada, ohartzen. Bertze mezu bat igorri genien: "Zuekin harremana ukan nahiko genuke Nabarralderen webgunea eraikitzeko". Erantzuna: "Oso urruti gaude. Bidali gauzak eta guk sareratuko ditugu". Ezin genuen, ordea, nolanahi eta haiek nor ziren jakin gabe (haiek gu zirela zioten arren) edukiak bidaltzen hasi. Hirugarren mezu bat: "Berdin zaigu urruti bazaudete. Munduko azken txokoan bazarete ere, hara joanen gara". Orduan erantzuna baiezkoa izan zen. New Yorkeko JFK aireportuan hitzordua egin eta bertan ezagutu genituen Estatu Batuetako Nabarraldekoak.

Nabarralde sortu baino lehenagotik Nabarraldekoak ziren euskaldunak. Espainiako gerra zibila zela eta, errefuxiatutakoen alabak eta bilobak. Bigarren eta hirugarren belaunaldia. Nafarroa Euskal Herriaren adierazpen politikoa dela guztiz barneratuta zeukaten gaitasun itzeleko lagun taldea.

AEBetan ere Nabarralde

Ordudanik, Nabarraldek bere taldetxoa dauka AEBetan. Gure webgunea diseinatu eta mantentzen duena. Interneteko baliabideen ezagutza ikaragarria duen taldetxoa. Nafarroa Osoa munduan barreiatzeko gaitasun ukaezina duen taldea. Hemendik gure omenaldia AEBetan bizi diren Nabarraldeko kideei. Nabarraldeko aitzindariei.

Haiek egiten dutenaren berri ukan nahi izanez gero zanpatu nabarralde.com edo ehj-navarre.org

Gaizka Aranguren
Nabarralde

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu