Teknologia albisteak

EAEko enpresetan teknologia tresneriaren hobekuntza

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-07-21 : 11:07

Hamar langile edo gehiago dituzten Euskal Herriko enpresen erdiak baino gehiagok beren webgune propioa daukate. Hori dio, Eustat Euskal Estatistika Institutuak landutako Informazioaren Gizarteari buruzko Inkestak. Aurreko urtekoarekin alderatuta, nabarmen ugaritu da Euskal Herriko enpresek Interneterako duten tresneria. Esaterako, Interneten eta sakelako telefonoen erabilera arrunt bihurtu da.

Euskal Herriko enpresek hobekuntza jarraia izan dute hainbat arlotan, Eustatek argitaraturiko datuen arabera, 2003 urteko lehenengo hiruhilabetekoan:

  • Informazioaren eremuari dagokion teknologia tresnerian.
  • Teknologia horren erabilera hedatzen ari da langileen artean, bereziki, Interneteko konexioari eta posta elektronikoa erabiltzeari dagokionez.

Hirugarren urtez jarraian egin ditu Eustatek enpresen inguruko mota honetako zundaketak. Horien helburua, alde batetik, enpresek dituzten Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien arloko tresneria ezagutzea da. Beste alde batetik, enpresako kideek Interneti nolako erabilera ematen dioten eta posta elektronikoaren garrantzia aztertzea da. Inkesta oinarritzen da 7.200 enpresen erantzunetan, lehen sektorekoak alde batera utzita.

Internet, sakelako telefonoak eta ordenagailuak

Azterlan honek adierazten du enpresa handitan nahiz txikitan Interneten eta sakelako telefonoen erabilera arrunt bihurtu dela. Aurreko urtekoarekin alderatuta, nabarmen ugaritu da Euskal Herriko enpresek Interneterako duten tresneria: %6 baino gehiago hazi baita kopuru hori.

Ordenagailuak %5 inguru ugaritu dira, baita posta elektronikoa eta sakelako telefonoak ere. Lurraldeka begiratuta, Araban gertatu dira hazkunderik handienak Interneten erabileran eta sakelako telefonoen kopuruan. Bestalde, Gipuzkoan izan da ordenagailu pertsonalen hazkunderik handiena eta Bizkaian, aldiz, ugaritu dira gutxien tresna horiek.

Enpresa txikienek, bi langile baino gutxiago dituztenek, dute tresneria gutxien: ia erdiek dituzte ordenagailuak, heren batek du Interneteko konexioa eta %30,8k posta elektronikoa. Hamar langile edo gehiago dituzten enpresen batezbestekoa %80tik gora ageri da beti:

  • %86,2k badu posta elektronikoa.
  • %96,3k baditu ordenagailuak
  • %86,7k badu Interneteko konexioa.

ADSL lineak

ADSL motako lineak dira Internetera konektatzeko moduen artean gehien hazi direnak. 2003aren hasieran hamar konexiotik lau horrelakoak ziren. Modem arrunten bidezko konexioa da oraindik ere Euskal Herriko enpresa gehienek (%49,3k) erabiltzen duten bidea, aurreko urtearekin alderatuta %9,1eko jaitsiera gertatu bada ere.

Eustatek gai honen inguruan eginiko zundaketak dira hauek:

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago