Teknologia albisteak
1

Prentsa askatasunaren alde giza katea Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2003-07-17 : 10:07

Horixe irakurri ahal izan dugu webgune berri-berrian. Giza katea oraingo zapatuan izango da, ekainaren 19an. Deialdia prentsa askatasunaren alde dagoen herri-ekimen batek egiten du eta bozeramalea Artemio Zarco donostiarra da.

Ekimenaren lehen zortzi kideak hauek dira:

  • Artemio Zarco, abokatua
  • Kirmen Uribe, idazlea
  • Hur Gorostiaga, "Le journal du Pays Basque" egunkariaren zuzendaria, Baionan editatzen dena.
  • Miren Jaio, Arte Ederretako fakultateko irakaslea
  • Laura Mintegi, idazlea
  • Mitxel Sarasketa, itzultzailea
  • Iñaki Berazategi, Radio Euskadiko kazetaria
  • Maribe Prieto, GARA sortzaile taldekoa

Bere aldetik, Jose Luis Zumetak egin du mobilizazioa irudikatzeko kartela, "Denok Gara" lemapean.

Mobilizazioaren izaera azaldu dute ekimena aurkeztean

Mobilizazioaren izaera definitzeko edo gorpuzteko honako hauxe da abiapuntua: GARAri eginiko mehatxua Euskal Herria jasaten ari den eraso ugariren artean beste eraso bat da. Horrexegatik, mobilizazioak ADIERAZPEN ASKATASUNAREN SAIO PRAKTIKOA izan nahi du, komunikabide bat desagertuz gero, GARA kasu honetan, eraberean desagertuko litzatekeen herriaren presentzia nabarmenduz eta irudikatuz.

Helburua, beraz, mobilizazioa egiteko aukeratutako gunea edo tokia pare bat orduz adierazpen askatasuna praktikan jarriko duten lagunez gainezka ikustea da.

Hauxe da asmoa: Haize Orrazia eta Paseo Berrian dagoen Oteizaren eskultura lotuko dituen giza-katea egitea.

Giza-kate hau ez litzateke osatuko bakarrik aipaturiko bi puntu horiek elkartzeko bilduko den jendearekin; horretaz gain, hainbat eta hainbat gizarte eta kultura eragile izango da bertan, bakoitzak bere arloa jorratuz, beti ere adierazpen askatasunaren aldeko ekimenari atxikiz.

Kultura eragileen presentzia, beraien ohiko jardunekin, ez da ulertu behar, hala ere, mobilizazioari kolorea emango dion zerbait bezala, edo jendea erakartzeko argudio bezala, baizik eta herri honen izaeraren adierazpen gisa, adierazpen askatasunik ezaren egoera batean hauek ere, jakina, kaltetuak izango liratekeen gizarte honetako eragile aktibo bezala.

Zuek, kolektibo gisa, giza-katean parte hartzeko asmorik izango bazenukete, eskertuko genizueke horren berri emango bazenigute (denokgara@denokgara.net) Horrela, sortzen dihoazen ekimen horien berri emango genuke egunkarian eta, horrekin batera, mobilizazioa bere osotasunean antolatzen joango ginateke.

Lerro hauen bidez datorren 19an adierazteko edo espresatzeko duzuen eskubidea praktikan jartzera animatu nahi zaituztegu.

Ekimenak sarean jarri duen webgune berria: denokgara.net

Erantzunak

zakarias aiztierdi
2003-07-18 : 13:58

norbait bagara, Donostiako kolkora gerturatu beharra dugu bihar. Lotsagarria da herri honi egiten ari zaion eraso anker eta zigorgabea.



Jaurlaritza bertan izango al da? enpresariekin hain ondo moldatuta, ez al zaio axola enpresa honekin españolek egin nahi dutena? Egia esan, nahiago lukete itxiko balute (hau atutxak berak esan omen zuen egin-i buruz).



hala ere, hauek egin dezaketena eta putza, pareko. Hain ahalmenduna den autonomia honekin urrutira joango gara!

Erantzun

Sartu