Teknologia albisteak

Nola egin web-diseinu erabilterrezak?

Erabiltzailearen aurpegia
Maite Rementeria - CodeSyntax
2003-07-14 : 10:07

Oporretara jun eta kotxe bat alokatzen dugunean berdin zaigu zein den ematen diguten modeloa. Behin gidatzen jakin ezkero, hobeto edo okerrago, edozein kotxe txofertzeko gai geralako. Baina zergatik ez zaigu gauza bera gertatzen webguneekin? Zergatik ez dugu nabigatzen erreztasun berberarekin edozein webgunetan?

Pasa den astean Miarritzen egon nintzen Udako Euskal Unibertsitateak "Komunikazioa Interneten" izeneko ikastaroaren baitan hitzaldi bat ematen. Hitzaldi horretatik zatitxo bat ekarri nahi izan dizuet Sustatura.

Zergatik da hain zaila batzutan interneten nabigatzea? Web diseinu askok ez dituztelako estandarrak jarraitzen. Autogintzan inori ez zaio okurritzen bolantea goi aldean jartzea edo motorra ezkerrean. Estandar batzuk daude eta kotxeen diseinuak oso desberdinak izan arren, guztiek mantentzen dituzte estandar horiek. Bai baina ingelesek bolantea eskuma aldean daukate, esan dezake norbaitek. Egia da, baina hori ere estadar bat da Inglaterra osoan.

Web-diseinuan ere estandar batzuetan oinarritzen den maketazio bat errepikatzen da behin eta berriz:

  • Logoa pantailaren goi aldean.
  • Menu nagusia orrialdearen goi aldean.
  • Bigarren mailako nabigazio menua ezker aldean.
  • Eta edukiak orrialdearen erdigunean.

Zenbait web diseinatzailek estandar horiek kreatibitatea mugatzen dutela uste dute, erabiltzako inposibleak diren webgune originalak diseinatuz. Baina zertarako balio dute estandarrek?

  • Erabilera eta ikaste prozesua errazten diote erabiltzaileari. Eskemak errepikatu ezkero, beste gune batzutan izan duen ikasketa prozesuari esker, erabiltzaileak badaki nondik nora ibili.
  • Denbora aurrezten dio diseinatzaileari. Estandarrek funtzionatzen dutela ziurtatuta dagoenez ez dago eskema berriak asmatzen ibili beharrik.
  • Eskuragarritasuna. Zenbat eta estandarizazio maila altuagoa izan, informazioa orduan eta eskuragarriagoa izango da.

Diseinu erabilgarriak egitea komeni da eta horretarako estandarrak jarraitu beharra dago. Webguneak ez dira arte lanak. Artea eta diseinua desberdindu beharra daukagu eta bien arteko desberditasun handienetako bat erabilgarritasuna da. Arteak ez du zertan erabilgarria izan behar. Artea: originala eta berritzailea izan ohi da. Hartzailearekiko sorpresa sortzea da bere helburua. Eta inkognita edo misterio bat da arte lan horrek nola eragiten dion hartzaileari. Web diseinuek berriz erabilgarriak izan behar dute. Nabigatzaileak ongi jakin behar du nun dauden bolantea eta nun martxak.

Zer gertatzen da diseinu desberdin eta berritzaileak eta gainera erabilgarriak sortzen saiatu ezkero? Ba oso gutxitan asmatzen dela. Irudia eta diseinuaren mesede erabiltzeko oso zailak diren webguneak egiten dira. Eguneratzeko inposibleak direnak, menu nabigaezinak dituztenak, informazio nahasgarri eta zaila dutenak, gure etxeko modem koitaduak inola ere kargatu ezin dituen irudiz jositako webgune astunak...

Estandarretara jo ezkero gure webguneak izugarri irabaziko du erabilgarritasunean. Utz ditzagun arte lanak arte erakusketetarako eta diseina ditzagun webgune erabilterrez eta erakargarriak.

Erantzun

Sartu