Teknologia albisteak

Munduan saltzen diren hiru diskotatik bat "pirata" da

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-07-14 : 12:07

Iaz, 2002 urtean, %14 igo zen CD piraten salmenta, lehenengo aldiz 1.000 unitatera iritsiz. "Musika Merkataritzaren Pirateria 2003" txostenaren arabera, saltzen diren hiru diskotatik bat legez kanpokoa da. Txina da pirateria maila altuena duten hamar estatuetan lehenena.

Industria Fonografikoaren Nazioarteko Federazioak (IFPI) egindako azterketak aditzera eman duenez, kaseteak kontuan hartuz, musika pirata merkatuaren balio osoa 4.300 milioi eurokoa da, aurreko urtekoa baino %7 gehiago.

Horrela, mundu mailako merkatu pirataren balioak legezko salmentarena gainditzen du munduko herrialde guztietan, Estatu Batuetan eta Japonian izan ezik.

Txina lehen postuan

IFPIk argitaratutako txostenak 70 herrialdetako 1.500 disko etxeren datuak ditu aztergai. Bertan, pirateria maila altuena duten hamar herrialderen zerrenda ageri da. Zerrenda hori egiteko, herrialde bakoitzeko produktu piraten salmenta kopurua, legezko merkatuaren tamaina eta 2001 urtetik honako joera hartu dira kontuan.

Zerrendako herrialdeak hauek dira: Brasil, Txina, Espainia, Paraguay, Polonia, Errusia, Taiwan, Mexiko, Tailandia eta Ukrainia dira. Lehenengo postuan Txina dago. Bertan, grabazio guztien %90 baino gehiago pirata da, eta horren balioa 500 milioi euro ingurukoa da.

Bestalde, Espainiar estatua da Europan pirateriak igoera handiena izan duen herrialdea. 1998 urtean igoera %5ekoa izan zen eta 2002 urtean %25ekoa. Salmenta totalaren kopurua, aldiz, %15,6 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuz. Beraz, industria diskografikoa krisi ekonomikoan murgildurik dagoela esan daiteke.

Pirateriaren aurkako borroka

Pirateriaren aurkako borroka iaz gogortu egin zen. Filipinetan, esaterako, pirateriaren negozioan ziharduen nazioarteko erakunde bat harrapatu zuten. Luxenburgon 1.000.000 CD kopia atzeman zituzten. 2001 urtean ekoizpen piratan jarduten zuten 41 sare desegin zituzten eta 2002 urtean 71, azken hauek 300 milioi disko sortzeko ahalmena zuten. Espainiar estatuan, ikerketen ondorioz, 1.419 pertsona atxilotu zituzten eta milioi bat CD pirata eskuratu.

Piratak legezkoen aurretik

Aipatzekoa da aurtengo 50 abesti ezagunenak merkataratu baino lehenago, pirateatuta argitaratu direla. Hau da, abestiak legalki merkaturatu aurretik, piratek ekoiztetxeei aurre hartzeko joera zabaldu da.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago