Weblogek ez dituzte beste hedabideak ordezkatuko
Weblogen sinesgarritasunaren gainean Gillmorrek dio bertan erreputazioa dutenek eta ez dutenek idazten dutela. Azken horiek ez daukate beren izen ona galtzeko arriskurik, eta beraz, weblogetako irakurleek "jarrera eszeptikoa" izan beharko lukete informazioa irakurtzerakoan. Hala ere, weblogen "balioa hortan datza", ospe bariko idazleei beren lanak lau haizetara zabaltzeko aukera ematean, hain zuzen ere.
Halaber, Dangillmor.com webguneko jabearen iritziz, jendea mugatzen bada weblogak irakurtzera "gaizki informatuta egongo da". "El País"-i eskainitako elkarrizketan beharrezkoa iritzi dio prentsa, telebista eta irrati onak kontsumitzea. Ildo horretan, weblogek orain duten garrantzia bost urtean handituko omen da.
Bestalde, kazetari digital honek dio weblog pertsonalak ez dituela gustoko, "nahiz eta bizitza batzuk oso interesgarriak izan". Anna Frank-en adibidea jartzen du interesgarritasun hori egiaztatzeko.
Argi du Gillmorrek weblog gehienak ez direla kobratu behar. "Oso ona izan beharko litzateke weblog bat kobratzen hasteko. Uste dut, gainera, ideia autodestruktiboa litzatekeela kobratzea".
Erantzunak kargatzen...