Teknologia albisteak

Xabier Mendigurenek Leblanc-i eskutitza bidali dio

Erabiltzailearen aurpegia
Koldo Castañeda - Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
2003-07-09 : 12:07

Xabier Mendigurenek, Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Jean-Marie Leblanc, Tourraren Zuzendariari eskutitza bidali dio, euskararen erabilera berma dezala eskatuz. Izan ere, hasiera batean agindu zuen euskararen erabilera, orain arriskuan dago hitzarmenak ezeztatu dituenetik.

Kontseiluko Idazkari Nagusiak bidalitako eskutitza hau da:

2003ko uztailaren 8an


Jaun hori,

Euskararen alde lanean ari diren 50 elkarte biltzen dituen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Idazkari Nagusia naizen aldetik adierazi nahi dizut pozez lehenik, eta nahigabez gero jakin ahal izan dudala Tourra Euskal Herritik igarotzean zure antolakuntzak euskara erabiltzearen alde sinaturiko hitzarmenak ezeztaturik utzi dituzula.

Hala ere, euskal gizartearen gehiengoaren nahia interpretatuz eta zuk zuzentzen duzun Tourraren antolakuntzak lehenago ere egin duenez, esaterako Donostiatik abiatu zenekoan eta Hendaian etapa amaiera izan zuenekoan, zinez espero dugu gure hizkuntzak tokia izango duela kirol-ekitaldi garrantzitsu horretan beste hizkuntzekin batera, horrela gure gizartearen aniztasuna islatuz.

Ziur gaude euskaltzale eta ziklismozale garen milaka euskaldunek bihotzez eskertuko dugula zure keinu hori eta, bide batez, beste urrats bat gehiago emana izango dugula geure hizkuntzaren normalizazioaren bidetik, izan ere hori da Kontseiluak lortu nahi duen helburua euskal gizartean.

Gure berri zehatz, baita frantsesez ere, aurki dezakezu geure webgunean: www.kontseilua.org.

Arretarengatik eta aldekoa izango den erantzunarengatik aldez aurretik eskerrak emanez adeitasunez agurtzen zaitut.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago