Teknologia albisteak

"Alhambrako giltza": magiaz beteriko euskarazko filma ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-07-07 : 12:07

Juan Bautista Berasategi zuzendariak "Alhambrako giltza" estreinatu du. Etxeko txikienek euskarazko animazio zinemaz gozatzeko aukera berria dute, filma zinema aretoetan baitago dagoeneko. Pelikula honek Washington Irving idazleak Andaluziara eginiko bidaia kontatzen du, amodio eta magia ukituekin.

Ostiralean Juan Bautista Berasategi zinema zuzendariaren lan berriaren euskarazko bertsioa Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zinema aretoetara iritsi zen. Zehazki, Gasteizko Guridin, Bilboko Multicines aretoan, Basauriko Bilbondon eta Donostiako Principe zinema aretoetan dago ikusgai animaziozko ekoizpen berri hau. Aldi berean, Katalunian zein Estatu espainiarrean katalanez eta gaztelaniaz prestatuko bertsioak ere estreinatu dira.

New Yorketik Andaluziara

"Alhambrako giltza" delakoa "Ahmed, Alhambrako printzea" filmaren jarraipena edo bigarren atala da, nahiz eta ez duen haren haria zuzenean jarraitzen. Aipatu Ahmeden istorioaren oinarrian Washington Irving idazle estatubatuarraren "Alhambrako ipuinak" zeuden. Baina, bigarren honetan idazlea da protagonista, Irvingek New Yorketik Andaluziara eginiko bidaia hartzen baitu abiapuntutzat. Bidaia horren ondoren idatzi zituen "Alhambrako ipuinak".

Hala eta guztiz ere, gertaera horri ipuinetako balio eta ezaugarriak gehitu dizkiote, eta badira pertsonaia maltzurrak, amodioa, Al Andalus garaiko kulturen ordezkariak, magia eta sorginkeria, ikusleen gozamenerako.

"Alhambrako giltza" Ameriketako Estatu Batuetan hasten da, New Yorken, Washington Irving gazteak bertan hasten baitu bidaia. Barkuz Sevillara joango da, ondoren Granadako Alhambra ezagutzera joateko asmoz. Bertan Dologoruki errusiarrarekin topo egingo du eta hortik aurrera bere bidaia laguna izango da. Gorabehera guztiak Carmen ezagutzen dutenean hasiko dira.

Carmen Boabdil Granadako azken errege mairuaren oinordeko bakarra da eta profezia garrantzitsu bat bete beharko du Ali maltzurra boteretik aldentzeko. Alik Boabdil erregeari traizioa egin zion lurralde horietako agintea lortzeko, baina ezingo du botere osoa eskuratu errege mairuaren azken oinordekoa hil arte.

Carmenek nor den eta zein eginkizun duen jakiten duenean, Granadarantz abiatzen da, baina etsaiek harrapatu egiten dute. Ordurako Irving neskarekin maiteminduta dago, eta, arrisku larrian dagoela ikusita, Carmen salbatzen eta Alhambrara laguntzen ahaleginduko da, horrek profezia bete eta Boabdilen altxorrak berriro herriari emateko.

Bertako ekoizpena

Proiektua Lotura Films euskal produkzio etxeak asmatu eta bultzatu du, eta ekoizle eta babesleen artean Lotura bera, Euskal Telebista, Canal Sur, Producciones Zig Zag ekoiztetxe andaluziarra eta Filmax banatzailea daude. Hego Euskal Herrirako banaketa Barton Filmsek egin du.

"Alhambrako giltza" egiteko eskuz eginiko lana eta teknologia berriak erabili zituzten. Animazio lana (marrazkiak) paperez landu zuten. Gero, informazio hori guztia ordena-gailuan sartu zuten. Horrela, ordenagailu bitartez, margotu eta beste tratamenduak egin zituzten.

Lan nagusia Donostian egin da, Lotura Filmsen, eta 90 lagun inguruk parte hartu du horretan. Euskal Herriko marrazkilariek lan egin dute eskuz eginiko prozesuan eta teknologia berriak Lotura Filmsen egin dira. Muntaia Donostian egin da, eta beste lan gutxi batzuk kanpora banatu dira, zerbitzu modura. Marrazten hasi zirenetik, 18 hilabete aritu dira lanean filma amaitu bitartean.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago