Aznartu: aditz bat gehiago, egoeraren ispilu
Osteguneko Berria ostiralean irakurri nuen, egun hartan jaso bainuen bezperako alea. Eta, egia diotsuet, Anjel Lertxundiren zutabea irakurri bezain laster hiru hiztegitan begiratu nuen, ea inon agertzen zen aznartu aditza. Ondoren bakarrik konturatu nintzen Anduren deabrukeria bat zela, berak asmatua eta nik erabat sinetsia.
Deabruaren Hiztegia ekarri zidan gogora, Ambrose Bierce idazle amerikarraren lan ederra eta Literatura Unibertsalean kaleratua 87. zenbakiarekin. Hiztegi hartan, hitzen definizio arruntak eman barik, Biercek adierazten du hitzek zer estaltzen duten.
Kasu honetan, Anjel Lertxundik ere nahiago izan du ohiko moldeak alde batera utzi, eta hiztegiaren bitartekoez baliatu da marrazteko nola ikusten duen José María Aznar, Espainiako presidentea. Aznartu aditz horren atzean agertzen da gizon bat harroa, maltzurra, gupidagabea eta mendeku zalea, besteak beste.
Beraz, badugu aditz bat gehiago, edukiz zaharra baina jantziz berria, eta balio du adiera horiek guztiak adierazteko.
Nola ezin dudan loturarik eskaini iragan osteguneko artikuluarekin, sareko Berriak oraindik ez baitit aurkerarik ematen horretarako, hona ekarri dut Lertxundiren artikulua, laburra dela aprobetxatuz. Hona hemen:
Aznartu
Aznartu. Da/du. Ad. 1. Zerbait harro bihurtu, harrotasuna eman; hanpatu, puztu, astindu, altxatu, oilartu. Errak, To, zer dea gertatu? Oiloa zaiola oilarrari aznartu. (lit. her.). Galtzaileak berak ere badu zertaz poztu, irabaztunak, ordea, ez zertaz oilartu. (lit. jasoa). 2. Engainuz edo azpikeriaz zerbait lortzeko trebea izan. Kalte edo irain bat zigorrarekin ordainarazi. Maltzurra izan, azerikeriak egin. Txolarre lumaz jantzitako miru maltzurrak oilategia aznartu zuen. 3. Pentsamenduaz beste egin, hausnartu aditzaren justu kontrakoa. Hil bedi inteligentzia!, esan zuen militarrak asko aznartu eta gero. 4. Mendeku hartu, bat bera ere ez barkatu. Ez du aznartu arteko onik. 5. Behekoarekin gogor eta goikoarekin umil agertu. Otso aznartu nintzen argalen artean, zakur leial bezala nausien oinpean. (Epitafio ezaguna).
Erantzunak kargatzen...