Teknologia albisteak

UEUren Udako Ikastaroetan matrikulatzeko epea amaitzear dago

Erabiltzailearen aurpegia
Idoia Torregarai - Udako Euskal Unibertsitatea
2003-06-25 : 12:06

UEUren Udako Ikastaroetan matrikulatzeko epea igandean amaituko da. Udako Euskal Unibertsitatearen 31. Udako Ikastaroak uztailaren 7tik 19ra bitartean burutuko dira Biarritz eta Iruñean (Biarritzen 7tik 11ra eta Iruñean 15etik 19ra).

Xabier Isasi zuzendariak dioen moduan, UEUk beti jakin izan du garaian garaiko unibertsitarioen behar izanei erantzuten. Aurton tamainan erantzutea itxaron dugu. Urterik urte, alerik ale Euskal Unibertsitatea gero eta gertuago daukagu. Udako ikastaroak gai berriak (eta gustukoak) lantzeko aukera izaten dira, nork bere jakin minak zirikatu edo ase ditzake. Baina haratago, Biarritz eta Iruñeko ikastaroak unibertsitario euskaldunen topalekuak dira. Elkarren berri izateko, proiektu berriak partitzeko eta abian jartzeko, lagunak egiteko, euskal kulturaren egoera zertan den bertatik bertara ikusteko...

Horrekin guztiarekin gozatzeko modua dago Biarritz eta Iruñean. Gogoratu, hala ere, Ikastaroetan matrikulatzeko epea igande honetan, ekainak 29, amaitzen dela. Ikastaroen informazioa lortzeko eta matrikula egiteko modurik zuzen eta errazena UEUren webgunetik egitea da, www.ueu.org

Matrikulatzeko prozedura, matrikula tokiak, ikastaroegatik jaso daitezkeen kredituak, epeak... Horiek denak hemen aurkituko dituzu.

Erantzun

Sartu