Kontratu blindatuak
Antena 3 telebistak 600 bat langile kalera ditzake, baina egotziko balu Saenz de Buruaga zuzendaria, ordaindu beharko lioke sei milioi euro (mila milioi pezeta) kalte ordainetan. Horri esaten zaio kontratu blindatua.
Así son las cosas y así se las hemos contado. Horrela bukatzen zituen albistegiak Sáenz de Buruaga kazetariak TVEren telediarioetan eta horrela Antena 3 telebistan ere. Telefonicak fitxatu zuen azken honetara eta, gaur Juan José Millás kazetariak idatzi duenez El País egunkarian, klausula bat egin zion, non ezartzen baitzen enpresak sei milioi euro ordainduko zizkiola, baldin eta kaleratuko balu.
Millasek dio Saenz de Buruagaren albistegiak ez zirela albistegi, baizik eta etengabeko hauteskunde propaganda PPren alde. Eta hark Aznarri egindako elkarrizketak, koipe jario nardagarria. Zatituz gero etete klausularen mila milioi pezetak gobernuaren oinetan ezarritako telediarioen artean, konturatzen naiz zein garesti irten zaizkion gizarte espainiarrari Antena 3en albistegiak, zeinen bidez saiatu diren gure garunak kamusten, dio Juan Jose Millasek.
Langileak, kalera
Espainiako gobernuak ahaleginak eta bost egin ditu bere ildoan sartzeko hedabide publikoak zein pribatuak. Antena 3en kasuan, Telefonica erabili zuen horretarako. Hala ere, Antena 3 ia hondoratu egin da. Telefonicak saldu egin du bere partea, eta orain Planeta taldea sartu da, jaun eta jabe.
Talde berriak esan du hainbat langile kalera joan beharko direla. El Mundo egunkariak gaur adierazi du Antena 3ek 1.800 langile dituela eta 600 bat joan daitezkeela kalera. Alderatuz gero Telecincoren langile kopuruarekin, Antene 3ek langile gehiegi izan ditzake. Informazio zerbitzuetan, adibidez, Antena 3ek 560 langile ditu. Tele 5k, berriz, 200.
Saenz de Buruaga lasai egongo da. Berak egin du berea. Orain sei milioi euroko klausulak babesten du.
Erantzunak kargatzen...