Gaur eguerdian Musikaire aurkeztu da Bilbon, horrela deituko dira-eta hemendik aurrera Elorrioko Uda Jaialdiak. Aurten 15 ekitaldi eskainiko ditu, aire zabalean, Elorrioko paraje zoragarrietan.
Elorrioko Uda Jaialdiek izen berria dute, Musikaire, eta hau gaur eguerdian aurkeztu da Bilbon, agintari eta babesle artean.
Aurten 15 ekitaldi antolatu ditu Musikairek, denak asteburuetan eta aire zabalean, aprobetxaturik Elorriok dituen paraje eta eraikin paregabeak. Hamabost jaialdi horietan musika klasikoa entzungo da, musika etnikoa, jazza eta antzerkia. Talde batzuk baino ez aipatzearren, Bidinte izango dugu, New Orleans Gospel Chorale, Brassas Company, Jose Luis Monton eta Tangata. Edo antzerki eta dantza talde zenbait. Guztira 200 bat artista bilduko dira Elorriora.
Musikaire prestatzeak lan handia dakar: 30 lagun arituko dira buru-belarri eginbehar horretan. Ikusleak, berriz, 5.000 bat espero dira.
Sei urteko esperientzia
Izen berriarekin plazaratzen bada ere, Elorrioko Uda Jaialdiak orain sei urte hasi ziren, Arriola Kultur Elkarteak bultzaturik. Hasieran esperimentu hutsa izan zen, bihozkada batean oinarritua: zergatik ez aprobetxatu Elorriok dituen paraje zoragarriak musikaz gozatzeko?
Urtea joan eta urtea etorri, esperientzia indartu egin da eta gero eta arrakasta handiagoa izan du. Antolatzaile taldea zabaldu egin da, musika motak ireki eta jendea ere, ugaritu.
Musikaire etorkizunean
Iaz antolatzaileak konturatu ziren Elorrioko Uda Jaialdiek bazutela nortasunik Elorrioren mugaz harantzago egiteko, Durangaldera Bizkaian, eta Deba ibarrera, Gipuzkoan. Hala ere, nahiago izan zuten sakon hausnartu esku artean zuten guztia eta hitzarmen bat egin zuten Mondragon Unibertsitatearekin, hango Marketin Departamenduarekin, marketin eta komunikazio plan bat egiteko.
Lan gehiena eginda dago, nahiz eta oraindik falta den azken ondorioak ateratzea.
Hala ere, aurrera dezakagu hainbat puntu, markatuko dutenak jaialdi hauen geroa:
- Izena eta izana. Garrantzitsua da Elorrioko Uda Jaialdiek izan dezaten nortasun berezia, bereiztuko duenak beste jaialdietatik. Izan ere, gutxik daukate halako giro eta antolakuntzarik. Horregatik, aurrerantzean jaialdi hauek Musikaire izango dute izena, izana ere indartuz joango baita.
- Eman ta zabal zazu. Jaialdi hauen esparrua izango dira Elorrio eta bere inguruak, baina badakigu produktu hauen kalitateak erakargarri egingo dituela beste jende askorentzat.
- Aterpea bilatu. Musikairek babesle eta lankide sare zabala du. Hala ere, jaialdiak indartze aldera, zabaldu egin behar du sare hori, eta finkatu.
- Musikaire, Elorrion. Musikaire bihur daiteke Elorrioren bisita txartelik eraginkorrena kanpora begira. Horri esker, jende asko etor daiteke herria bisitatzera.
EGITARAUA
- Ekainak 20, ostirala
- San Agustingo elizan. (22:30)
CAPELLA GREGORIANA EASO
- Ekainak 21, larunbata
- Gazetako Andra Mari ermitan. (22:30)
BRASSAS COMPANY
(Eguraldi txarra egiten badu, elizpean egingo da).
- Ekainak 27, ostirala
- San Jose ermitan. (22:30)
BIDINTE
(Eguraldi txarra egiten badu, elizpean)
- Ekainak 28, larunbata
- Argiñetan. (22:30)
TANGATA (Tango laukotea)
- Uztailak 04, ostirala
- Elizan. (22:30)
HAIZEA (Organoa, tronpeta)
- Uztailak 05, larunbata
- Elizpean. (22:30)
NON DEMONTRE + LOGELA (multimedia ikuskizuna)
(Eguraldi txarra egiten badu, Arriola antzokian).
- Uztailak 06, igandea
- Elizpean. (22:30). Antzerkia
RAYUELA PRODUCCIONES TEATRALES
La controversia de Valladolid
(Eguraldi txarra egiten badu, Arriola antzokian).
- Uztailak 11, ostirala
- Elizpean. (22:30). Dantza
KUKAI TANTTAKA
1937 Gogoaren Bidezidorretatik
(Eguraldi txarra egiten badu, Arriola antzokian).
- Uztailak 12, larunbata
- Lourdesko Koban. (22:30)
JOSE LUIS MONTON
(Eguraldi txarra egiten badu, elizpean)
- Uztailak 13, igandea
- Plazan. (22:00). Antzerkia
AL SUROESTE TEATRO
Los cómicos del carro.
- Uztailak 18, ostirala
- Elizpean. (22:30)
PIRINEOS JAZZ ORCHESTRA
(Eguraldi txarra egiten badu, Arriola antzokian).
- Uztailak 19, larunbata
- Casajara Jauregian. (22:30)
GRUPO BILBAO CAMARA
(Eguraldi txarra egiten badu, elizpean).
- Uztailak 20, igandea
- Plazan. (22:30). Antzerkia
BARTO
(Eguraldi txarra egiten badu, elizpean).
- Uztailak 25, ostirala
- Elizpean (22:30)
NEW ORLEANS GOSPEL CHORALE
(Eguraldi txarra egiten badu, Arriola antzokian).
- Uztailak 26, larunbata
- Tola Jauregian (22:30)
KRANSNOYARKS CHAMBER ORCHESTRA, SIBERIA
(Eguraldi txarra egiten badu, elizan egingo da).
Zorionak prestatu duzuen egitarauagatik eta ea aurten eguraldiak laguntzen duen