Sustatu logoa Teknologia albisteak

Microsoftek ez du egingo Explorer Mac-entzat

Dick Turpin
2003-06-17 11:06

Microsofti ez zaio gustatu Applek bere nabigatzailea egitea. Hori dela eta, joan den ostiralean erabaki zuen aurrerantzean ez egitea Internet Explorer Mac ordenagailuentzat.

Microsoftek oraindik babestuko du Internet Explorer Mac bertsioan eta egingo dio hobekuntzarik, baina bertan behera utzi du nabigatzaile nagusiaren garapena Mac sistemarentzat. Finito. Kaput.

Horixe esan zuen joan den ostiralean Redmonteko enpresak prentsa ohar batean. Explorer 5.ak ez du 6.nik izango, Windows sisteman duen bezala. Beraz, oraingo bertsioa mantentzea eta honentzat adabakinak egitea, bai; garatzerik, ostera, ez.

Mehatxua ote?

Erabaki honek badu zerikusirik, noski, Applek bere nabigatzailea, Safari, sortu izanarekin. Baten batek pentsatu du hau izan daitekeela abisu bat Applentzat, zer gerta dakiokeen hasten bada programak egiten, lehia egingo dietenak Microsoftek egindakoei, batez ere Office paketea osatzen dutenei. Kontuan izan joan den urtarrilean Safarirekin batera, Applek beste programa bat aurkeztu zuela, Keynote, aurkezpenak-eta egiteko.

Hala ere, oraingoz ez da horrelakorik gertatuko. Izan ere, Microsoftek argi esan du Mac Negozio Unitateak gogor diharduela lanean Office pakete berria egiten. Halaber, iragarri du laster etorriko direla Mac-entzako bertsio berriak beste programa hauetan: Virtual PC, Messenger eta MSN, denak ere bereak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu