Teknologia albisteak
1

Nazioarteko Eskaera euskaldunen alde

Erabiltzailearen aurpegia
Jakes Bela - Etxetik
2003-06-16 : 10:06

Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Euskal Erakundeak sinadurak batzeko ekimen bat jarri du abian. Helburua: euskaldunen eskubideen kontrako erasoak salatzea eta bake prozesu bati lehenbailehen ekitea eskatzea.

International Basque Organization for Human Rights-ek ekimen bat jarri du abian. Sinadurak bildu nahi ditu gauza bi eskatzeko: euskaldunen hizkuntza eta eskubideen kontrako erasoak behingoz amaitzea eta bake prozesu bati lehenbailehen ekitea. Eskaria honako hauei dago zuzenduta: Amerikako Estatu Batuetako presidenteari, AEBko estatu idazkariari, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariari, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariari, Frantziako lehen ministroari, Espainiako gobernuko presidenteari eta Espainiako erregeari.

Testua ingelesez dago, baina hemen daukazue euskarara ekarria:

"Espainia eta Frantziako gobernuak eraso egiten ari dira euskal eskualdeko herritarren hizkuntzari, euren askatasun zibilei eta euren giza eskubideei.

Frantziari dei egiten diogu euskaldun gehienen gurariak betetzeko eta negoziazio zintzoetan hasteko Euskal Departamentu bat sortze aldera, Frantzian orain dabiltzan deszentralizazio haizeei jaramon eginez. Era berean, dei egiten diogu Frantziako gobernuari euskara hango bertako hizkuntza dela onartzeko, eta euskal eskualdean frantsesaren estatus bera aitortzeko, merezi duen bezala.

Espainiari dei egiten diogu "terrorismoaren kontrako gerraren" izenean euskal herritarren eskubide zibilen eta giza eskubideen kontra egiten diharduen erasoak bertan behera uzteko. Uste dugu, eta uste oinarritua da, Espainiako agintariak "terrorismoaren kontrako gerra" aitzakiatzat erabiltzen daudela euren gustokoak ez diren euskal erakunde guztiak legez kanpo usteko, egunkariak eta giza eskubideen aldeko erakundeak barne. Hain urrun joan dira non ikastolak "terroristen haztegiak" direla esatera ere ausartu diren, eta euskal apezpikuei terrorista deitzera, zergatik-eta txapela janzteagatik!

Jakin bedi euskaldun gehien-gehienek, bai Euskal Herrikoek eta bai kanpokoek, diasporakoek, iguina diotela indarkeriari. Ez dugu justifikatzen ez erakunde terroristen indarkeria ez estatuaren erakundeek herritarren kontra indarkeria erabiltzea. Konponbide baketsuetan sinesten dugu. Orain dela gutxi, Espainiako gobernuak adierazi zuen guztiz prest dagoela Israelen eta palestinarren arteko bake prozesuan laguntza emateko. Beraz, pentsa dezakegu prest egon beharko litzatekeela bere mugen barruan bideratuko zen bake prozesu batean ere laguntzeko.

Hortaz, honen bidez eskatu nahi dugu lehenbailehen negoziazioak has daitezela Espainiako, Frantziako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko gobernuen, eta bakegintzan diharduten bestelako erakunde esanguratsuen artean, Estatu Batuetako Estatu Departamentua edo kasuan izendatzen den erakundea aholkularia dela esandako bake prozesuan".

Jatorrizko testua ikusteko, eta, gura izanez gero, sinatzeko.

Erantzunak

Mikel
2003-06-16 : 13:52

Eta euskaldun batzuk euskaldunon kontra erabiltzen duten biolentzia non geratzen da?? buruan dudan ebakia ez dit ez ETAk ez diozuen "estatuko erakunderik" baizik eta idazki horrekin bat egingo luken alderdi baten talde armatua. Ertzaintzak, alegia.



Beraz, "euskaldun gehien-gehienek bortizkeriari iguina diotela" esaldia motz gelditzen zaio. Jarri zenitzakete beste hau: "euskaldun gehien-gehienek telebistan jartzen dieten bortizkeriari iguina diotela". Zure mezuarekin bat egingo luke askoz zuzenago.

Erantzun

Sartu