Amerikarrek Irak eraso aurretik, Salam Pax blog bat idazten hasi zen Bagdadetik. Handik gutxira, sekulako jakinmina sortu zen munduan zehar, nor ote zen. Izan ere, Bagdad bonbardatzen hasi eta lasterrera, hura ixildu. Orain badakigu bizi dela.
Sustatun luze eta zabal hitz egin genuen Salam Paxen inguruan. Harrezkero, ordea, ez genuen ezer gehiago jakin izan haren gainean.
Hala ere, atzo Interneten begiratzen hasi, eta hara non aurkitzen dudan The Indian Express egunkarian, Salam Pax bizi dela.
Arkitekto bat, 29 urtekoa
Antza denez, Salam Paxek Salam du benetako izena, 29 urte ditu, Vienan ikasi zuen arkitektura eta oso ondo hitz egiten du ingelesa. Eta halaxe dio egunkariak gay da, homosexuala. Maiatzean zehar interpretari lanak egin zituen Peter Maas kazetari amerikarrarentzat, baina honek inoiz ez zuen jakin izan haren nortasun ezkutuaren berri.
Peter Maas-ek ondoren jakin izan zuen Salam Paxek bere esanetara egin zuela lan, Estatu Batuetara itzuli ostean. Slate aldizkari elektronikoan kontatzen du nola jakin zuen haren berri eta nolakoa zen bere interpretaria.
The Guardian egunkariak fitxatu du
The Guardian egunkari ingelesak fitxatu egin du Salam Pax. Hemendik aurrera, hantxe idatziko du, zutabegile moduan. Hala ere, ez dute jakinaraziko zein den Salamen benetako deitura, hura babesteko. Egunkariak dio edozeinek eraso lezakeela, oso kritikoa delako bai Sadamekin eta baita Bushekin ere, edo gay delako, besterik ez bada ere.
Bitartean, Iraken barrena ibili da Salam Pax eta hainbat kronika idatzi ditu. Hemen dituzue lehena, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena
Erantzun
Sartu