Teknologia albisteak

Lehenbiziko Tesi Lehiaketa jarri du abian Elhuyar Fundazioak

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa - Basque Research
2003-06-09 : 14:06

Elhuyar Fundazioak sortutako Basque Research atariak I. Tesi Lehiaketa jarri du abian. 2001-2004 epean aurkeztutako doktoretza-tesien laburpen bat bidali behar da Lehiaketara. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez aurkeztu ahal dira lanak –zientzia eta teknologiarekin zerikusia dutenak betiere–, irailaren 15a baino lehen.

Elhuyar Fundazioaren Basque Research atariak ekainean egin du urtebete. Urteurrena ospatzeko eta ikertzaile berrien lanak plazaratzeko asmoz, Tesi Lehiaketa bat antolatu du atariak. 2001-2004 epean aurkeztutako doktoretza-tesiak onartuko dira Lehiaketa honetan, betiere zientzia eta teknologiarekin zerikusia duten gaien ingurukoak.

Ikertzaile bakoitzak bere tesiaren laburpen bat –3.000 karakterekoa, gehienez ere– bidali behar du webgunera. Nahi izanez gero, irudi bat eranstea badago laburpenari. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez idatzi behar dira laburpenak.

Irailaren 15a arte jasoko dira tesien laburpenak. Ondoren, irailaren 17an, guztiak erakutsiko ditugu Basque Research atarian. Hortik aurrera bisitarien botoak jasoko dira, urriaren 19a arte. Boto gehien jasotzen duen tesiak irabaziko du Lehiaketa. Urriaren 21ean plazaratuko da irabazlearen izena. Saria: sei eguneko egonaldia Tenerifen, bi lagunentzat.

Basque Research-i buruz

www.basqueresearch.com ataria 2002. urtean jaio zen eta 2.300 bisitari izaten ditu –batez beste– hilean. Horrez gain, 78 berriemailek, 64 kazetarik eta bestelako 198 lagunek dute izena emana atarian. Basque Researchen datu-baseak 280 berri, 232 ekitaldi eta 152 fitxa ditu euskal ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren direktorioan. ELHUYAR Fundazioa Alphagalileo-ren (Europako ikerkuntza webgunea) korrespontsal bilakatu zen pasa den martxoan, Basque Research atariaren bidez. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Ipar Euskal Herrian egiten den ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren berri ematen du Basque Researchek europar web gune horretan.

Oinarrien informazio zabalagoa etab. arestian aipatutako gunean izango duzue.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago