Bugbear.B, birus malapartatua
Atzo agertu zen jende askoren ordenagailuetan eta dagoeneko badu izenik: Bugbear.B. Azken hileotako birusik kutsakorrena omen eta Microsoften programarik erabilienen bidez hedatzen da.
Birus bat dabil hortik zehar, oso kutsakorra. Bugbear.B bataiatu dute zizare elektroniko hau eta, arriskutsua ez bada ere, ez baitu ordenagailurik hondatzen, oso bizkor ari da zabaltzen, batez ere Outlook eta Explorer programak erabiltzen dituzten PC ordenagailuetan. Macintoshetan ere agertzen ari da, baina hor ez du eraginik, oraingoz.
Kontuan izan, hori bai, ez dagoela jakiterik mezua nork bidali duen, bidaltzailearen izena irakurtzearekin bakarrik. Izan ere, birus honek gezurrezko helbideak erabiltzen ditu.
Nola akabatu birusa
Zer egin, baina, nire ordenagailuan agertzen bazait? Horra gehienon galdera gaurko egunean. Zorionez, irtenbideak bat baino gehiago dira.
- Bota dokumentua zabor ontzira, zabaldu gabe. Askok justu kontrakoa egiten dute, ireki. Eta horrela hedatzen da gero.
- Jo Panda enpresara eta handik jaitsi antibirusa, doan. Pandak berak, informazio gehiago ematen du hemen, zizare honen xehetasun teknikoak jakinarazteko.
- Bidali Outlook eta Explorer pikutara eta ezarri Mozilla ordenagailuan. Doakoa da eta euskaraz ere badago. Primerako nabigatzailea da eta oso ondo kudeatzen du posta elektronikoa. Mozillarekin jai daukate Bugbear.B bezalako zizareek. Zalantzarik gabe, hauxe da irtenbiderik egokiena.
Argibide gehiago jakin nahi izanez gero Mozilla nabigatzailearen gainean, Sustatun bertan irakur daiteke.
Erantzunak kargatzen...