Teknologia albisteak

Palm-ek erosi egingo du Handspring

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-06-06 : 10:06

Bost urte iraun du Handspring-en abentura eskuko ordenagailuen artean. Hasieran, bazirudien mundua txiki geratuko zitzaiola. Asteazkenean, berriz, jakin zen Palmek erosiko zuela.

Seme galdua etxera itzuli zenean —halaxe dio bibliak—, aitak agindu zuen semea jazteko soinekorik ederrenarekin, hiltzeko txekor gizena eta antolatzeko festa, ospatu beharra baitzegoen semea aurkitu izana.

Uste izatekoa da horrelako zerbait gertatuko dela Palm enpresan, erosten duenean Handspring, zenbait urtetan izan duen etsairik gogorrena. Izan ere, 1992an Palm sortu zuten pertsona berberek —Jeff Hawkins eta Donna Dubinsky— sortu zuten 1998an Handspring, hau ere eskuko ordenagailuak egiteko, Palmen sistema eragilea erabilita.

Halabaina, bibliako aitak ez bezala, Palmek 195 milioi dolar ordainduko ditu bere seme galdua etxeratzeko. Garesti. Kostoak murriztu behar eta, 125 lanpostu desagertaraziko ditu enpresa bietan (Palmek 800 langile ditu eta Handspringek, 250). Horrezaz gain, Handspringeko langileak oraingo lantokia utzi eta Palmenera joango dira.

Bi enpresa batean

Gaur egun bi enpresak osatzen dute Palm: Palm Source, zeinak garatzen baitu Palm sistema eragilea; eta Palm Solutions Group, arduratzen dena hardwareaz. Azken honekin egingo du bat Handspringek.

Todd Bradley, Palm Solutions Groupeko burua, izango da arduradun nagusia enpresa berrian. Eta hau banatuko da bi negozio unitatetan: batak egingo ditu eskuko konputagailuak eta besteak, telefono adimendunak.

Seme-alaba galduak

Eta zer gertatuko da seme-alaba galduekin, enpresa biak sortu zituztenekin? Jeff Hawkins (aztia teknologia kontuetan) bihurtuko da enpresa berriko teknologia buru. Donna Dubinsky, berriz, (aztia diru kontuetan) kanpoan geratuko da, nahiz eta izango duen aulki bat zuzendaritza batzordean.

Palmek beharko du seme galdua etxean, aurre egin nahi badio beste konpainia batzuen erasoari. Joan den apirilean berea zuen AEBetako merkatuaren %49 eskuko ordenagailuetan (2001ean, %67). Atzetik zituen Sony (%20) eta Hewlett-Packard (%13,5).

Erantzun

Sartu