Teknologia albisteak

Adobek berregituratu egin ditu Acrobat produktuak

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-05-30 : 15:05

Adobe etxeak indartu nahi du aitzindaritza argitaratze elektronikoan eta berregituratu egin ditu, erabat, Acrobat produktuak. Orain lau programak osatzen dute Acrobat familia.

Munduan 500 milioi ordenagailuk dute Acrobat Reader irakurle elektronikoaren bertsio bat edo beste. Oinarri zabal hori aprobetxatu guran, Adobe enpresak erabat berrantolatu du Acrobat produktuen familia, seigarren bertsioan. Orain lau produktuk osatzen dute berau: Professional, Standard, Elements eta Adobe Reader.

Honek esan nahi du gero eta errazagoa izango dela sarean bidaltzea, zuzentzea eta kudeatzea dokumentu sofistikatuak, nahiz eta dokumentu hori jasotzen dituztenek ez eduki dokumentua egiteko erabili den jatorrizko programa, letratipoak edo irudiak. Produktu berriek, gainera, elementu multimediak sartzeko aukera eskaintzen dute.

Acrobat Elements

Enpresei begira egin da Acrobat Elements programa eta oraingoz Windows ingurunean dabil bakarrik. Ahalmena du dokumentuak irakurri eta MS Officetik PDFak sortzeko. Erostekotan, 1.000 lizentzia batera erosi behar dira.

Acrobat 6.0 Standard

Lehengo Acrobat programaren oinordekoa da Acrobat 6.0 Standard: hark bezala, oinarrizko erremintak eskaintzen ditu, dokumentuak zuzendu eta iruzkinak egiteko. Erabiltzaileak zuzenketak egin ditzake jasotako PDF batean edo kudeatu beste batzuek egindakoak. Izan ere, programak zerrenda bat sortzen du, zenbatek jaso duten dokumentua eta haietarik zeinek egin dituen iruzkinak edo aldaketak. 299 dolar balio du.

Acrobat 6.0 Professional

Hauxe da, Acrobat 6.0 Professional, produkturik sofistikatuena Acrobat familiaren barruan. Pentsaturik dago negozio, ingeniaritza eta profesional sortzaileentzat. Estandarraren ezaugarri guztiak eskaintzen ditu, eta horiez gain, hainbat erreminta aldatzeko PDF dokumentuen egitura. 449 dolarretan eros liteke.

Adobe Reader

Hauxe da, Adobe Reader, produkturik unibertsalena familia honetan, doanekoa baita. Baina ohar zaitezte izena aldatu diotela; orain ez du Acrobat izenik.

Baten batek bidaltzen badizu PDF bat QuarkXpressen eginda eta erabiltzen baditu Adoberen Multiple Master letratipoak, esate baterako, berdin-berdin ikusiko duzu Adobe Reader erabilita, nahiz eta zuk ez eduki ez Quark, ez eta letratipo horiek.

Azken bertsio honek, gainera, aukera ematen du diapositibak ikusteko, Adobe Photoshop Albuma erabiliz egindakoak, eta baita postal elektronikoak. Macintosh zaleek, baina, Mac OS X 10.2.2 beharko dute azken hau erabiltzeko.

Alderatu nahi izanez gero zein ezaugarri dituzten programa hauek guztiek, klik egin hemen.

Erantzun

Sartu