Orokorrean arazorik gabe doa eguna, lasai
2003-05-25 21:05
Ordu laurden barru hasiko dira hautes emaitzak ematen. Jarraipena egiteko hainbat gune eman genituen aurreko berri batean ere. Sustatuk ez ditu emaitza guzti horiek emango, baina kalkulagailua jarri dugu denon eskura kalkuluak denok egin ditzazuen. Modu bikoitzean kalkulatzen ditu emaitzak, zerrenda debekatuak (AuB-ren botuak) kontuan izan gabe, eta haiek kontuan izanda ere bai. D´Hondt lege matematikoari eta indarrean diren araudiei jarraitzen die kalkuluak.
Herriz herri jaso ditugun albiste batzuk:
- Donostia: demokraziarik ez dagoela esanez Urbietako hauteslekuan sartu dira eta protesta egin dute kartel batzuk zintzilik zituztela.
- Errenteria-Orereta: Paskinak agertu dira PP eta PSEko hautagaiak mehatxatzen zituztenak. Ertzantzak erretiratu ditu ahal bezain pronto. Juan Carlos Merino PSEko zinegotziari egin diote eraso 3 koktel jaurtita. Etxearen aurreko aldean jo dute eta ez du sortu aparteko kalterik.
- Iruñea: Barcinak botoa eman gura zuenean demokrazia eskatzen inguratu dira lagun batzuk. Ertzantzak bidali ditu protesta egiten zihardutenak.
- Bilbo: atxiloturen bat egon dela esan du Ertzantzak, baina ez dute sortu aparteko istilurik. Bilboko Zamakola auzunean Aralarreko apoderatu bati ukabilkada bat eman diote.
- Bergara: Etxaniz atxilotua izan da kartelak pegatzen ziharduelako kalean. Hauteskunde legea bete ez izana egotzi diote. Orain kalean da.
- Donostia: Hainbat lagunek, Aralarreko paperak lapurtu dituzte, esaterako, Aiete, Egia eta erdigunean ere. Aralarrek jarri ditu papeletak hauteslearen eskura.
- Gasteiz: paperak kendu dituzte hauteslekuetatik: Aldabetik, Hegoaldetik, Lakuatik eta Europa gizarte etxetik. Aralarrek berriz jarri ditu papeletok hautesleen eskura. Migel Cervantes institutuan AuBren paperak erretiratu ditu Ertzantzak.
- Pitillas: ezezagun batek postaria erasotu du eta karta batzuk kendu dizkio. Gutunazalak lurrera erori eta gero harrapatu ditu kartok.
- Gasteiz: EAJk salaketa egin du, izan ere, GAsteizko Udala spotak ematen hasi da hiriko bost kultura etxetan. Hauteskunde Batzordeari eman dio gertatukoaren berri.
Erantzunak kargatzen...