Teknologia albisteak

VII. Ortzadar Ipuin Lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia
nagore ferreira zamalloa - DEIAko Ortzadar gehigarri kulturaletik
2003-05-22 : 10:05

Urtero legez, uda hasi orduko, Ortzadar Ipuin Lehiaketa antolatzeari ekin diogu. Gazteen artean idazteko zaletasuna bultzatzea da sariketaren helburu nagusia. Aurten zenbait berrikuntza daude; hemen dituzue oinarri arauak.

1. PARTAIDEAK.

Lehiaketa honetan 18 urtetik gorako idazle guztiek har dezakete parte, kategoria bakar batean.

2. IPUINEN GAIA, MODALITATEA ETA LUZERA.

Bi modalitate daude: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, alegia. Lanak, beraz, bi hizkuntzotan aurkez daitezke (euskarazko modalitatean euskalkiak be onartuko dira: bizkaiera, xuberera, lapurtera etabar). Gaia librea izango da eta ipuinak originalak eta argitaratu gabeak izango dira. Ipuinaren luzera hiru orritik gorakoa izango da eta lautik beherakoa. Orriak DIN-A4 tamainakoak izango dira, alde bakar batetik eta makinaz idatziak, eta lerrotarte bikoitza izango dute. Orriak behar bezala zenbatuko dira.

3. AURKEZPENA.

Lanak hirukoizturik aurkeztuko dira gutunazal itxi batean. Gutunazal horretan ez da egilearen izena ipiniko, ezizen edo lema baizik. Ezizen edo lema berbera idatziko da lanaren orri guztien buruan ere. Gutunazalaren barruan beste gutunazal bat sartuko da, titulu edo lema berbera duelarik. Bigarren gutunazal horren barruan egilearen datuak adieraziko dira, hots, izen-abizenak, telefono zenbakia, ogibidea, adina eta helbide osoa. Gainera, NAN-en fotokopia bat ere sartu beharko da. Partaideek modalitate bakar batetan parte har dezakete, hau da, euskarakoan edo gaztelaniakoan, eta lan batekin soilik.

4. NON ETA NOIZ AURKEZTU.

Lanak momentu honetatik aurrera aurkez daitezke, eta epea URRIAREN 5a arte luzatuko da. Egun berbereko postaikurra daukaten lan guztiak onartuak izango dira. Lanak DEIA-k Boluetan duen egoitzan aurkeztu daitezke, edo eta postaz bidali helbide honetara, zergatia argi eta garbi azalduz. Horrez gain Gipuzkoan eta Araban ere aurkez daitezke, DEIAk Donostia eta Gasteizen dituen erredakzioetan.

Ortzadar Ipuin Lehiaketa
BILBO-GALDAKAO ERREPIDEA 8
Bolueta-Bilbo P. K. 48004

5. LANEN JABETZA.

Lanak beren egileenak badira ere, lehiaketa honetan parte hartzeagatik, DEIA-k lehen bi argitalpenak egiteko eskubidea du –bata egunkarian eta bestea ipuin bilduma batetan–. Ipuin bilduman, egilearen izena aipatu beharko du derrigorrez. Dena den, DEIA-ren eskubide horrek ez du iraungo baldin eta, bi urte igarota, erabili ez badu. Aukeratu gabeko lanak, epaimahaiak bere erabakia ematetik 30 egunera eskuratu ahal izango dituzte; «aurreaukeraketa» honen zerrenda DEIA-n bertan publikatuko da.

6. EPAIMAHAIA ETA AUKERAKETA.

Ipuin lehiaketa honen alderik bitxiena bere aukeraketa prozesuan datza. Epaimahaiak, literaturari estu lotuta dauden lau lagunez osatutakoa, lanik aipagarrienak aukeratuko edo «aurreaukeratuko» ditu; lan hauek DEIA-ko «Ortzadar» gehigarri kulturalean agertuko dira astero. Era berean epaimahaikoek ‘‘aipamen bereziak’’ egiteko ahalmena izango dute. Aukeratutako lanen zerrenda azaroan plazaratuko da eta sarituen izenak 2003. urteko hondarretan ezagutuko dira, epaimahaikideen izenen antzera.

7. BESTELAKOAK.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berez dakar oinarri-arau guztiok onartzea. DEIA-k behar beste aldaketa egin dezake arauotan. Halaber, zaindu egingo dituzte aurkezten diren lanak, baina ez dute horien erantzukizunik edukiko.

SARIAK.

Aukeratutako idazle guztiek jasoko duten opariaz gain, aipamen bereziak ere izango dira, betiere epaileek hala irizten badute.

Epaimahaiaren ‘‘aipamen berezia’’ jasotzen duten horiek 250 euro jasoko dituzte eta horretaz gain liburu sorta bat.

Zalantzaren bat izanez gero helbide honetara jo zenezakete, nferreira@deia.com , edo telefono zenbaki honetara deitu, 944599100.

Erantzun

Sartu