Teknologia albisteak
1

Enpresa handiak eta gure datuak

Erabiltzailearen aurpegia
Gari Araolaza - Eibar.ORG
2003-05-16 : 14:05

Aseguru poliza berritzearekin batera, eskutitza etorri zait nire datuekin nahi dutena egiteko baimena eskatuz. Kontua da arrazoi logikoak eta ez hain logikoak nahasten dituztela. Zuk baimenduko diezu?

Egia esan, Agencia de Protección de datos aspaldian presio apur bat sartzen ari da eta antzerako eskutitzak jasotzen ari naiz elektra konpainia, banku eta beste hainbat erakundetatik. Ezer ez badut esaten, baimen guztiak emanda bezala joko dituztela eta nire datuak nahi bezala erabiliko dituztela.

Oraingoan, aseguru konpainia euskaldun handienaren eskutitza etorri zait. Itxura denez Datuen Segurtasunaren Arduraduna izendatu dute, eta hark honako hauetarako baimena eskatzen dit (laburturik, testu legal luze hori hizkuntza zuzenean hona ekartzeko lizentzia hartzen dut):

  • Nire datuak aseguru etxearen eta lotuta dagoen aurrezki kutxaren barruan erabiltzeko eta banatzeko baimena, beraien jardueretan erabiltzeko.

Ados. Horretarako eman nizkizuen datuak, eta gainera erosoa da nire datuak toki desberdinetan egotea (bulego desberdinetan egiten baditut nire jestioak, edo inoiz telefonoz parte bat eman behar badut etab.)

  • Nire datuak aseguru etxearekin tratuak egiten dituztenei lagatzeko.

Baina nola? Zein eskubiderekin? autoa izurratzearen partea ematen badut, auto saltzaileak etorriko zaizkit etxera auto berria eskaitzera? Ez eta pentsatu ere!

  • Nire datuak modu automatizatuan erabiltzeko.

Bale. 2003. urtean gaude, eta zaila da enpresa hauek informatika gabe ulertzea.

  • Nire datuak, gure arteko harreman komertzialak eten ondoren erabiltzeko.

Bada, ez. Ez dut nahi haiek nire datuak per secula seculorum erabili ahal izatea. Beraiekin traturik ez badut, ez dut nahi beraiek nire daturik izatea.

Lautik bi. %50 beraz. Kondizioak irakurri eta edonork egin ditzake nik egindako burutapenak. Orduan, zergatik nahastu dituzte testu berean behar-beharrezko baimenak eta aukerako baimenak? Nahasteagatik?

Noski, bezeroen %98ak ez du ezer esango eta aurrera! Gainera, idatziz eman behar omen zaie erantzuna. Oraintxe idatziko dut eskutitza, baina zerbaiterako balioko dit?

Norbaitek eman ditu pauso horiek?

Erantzunak

xare
2003-05-19 : 19:41

Bai nik egin dut aseguru etxearekin, bertara joaten bazara badute horretarako espreski prestaturiko orri bat eta zentralean jasotzen dutenean zuri gutun bat bidaltzen dizute baimen-eza jaso dutela adieraziz (gaztelaniaz soilik), orain, hortik aurrera bermatua gelditzen den zure datuen erabilera zuzena...ba auskalo!

Erantzun

Sartu