Teknologia albisteak

ARGIA astekari eraberritua kalean dago jada

Erabiltzailearen aurpegia
ARGIA astekaria
2003-05-14 : 17:05

Aste honetako ARGIA astekaria guztiz eraberriturik datorkigu. Egitura, itxura, eduki, atal eta sinadura berriekin kaleratu da. Xabier Letona zuzendariak esan duenez “euskal prentsaren irakurlea irakurle exijentea da, kalitatea bereziki eskatzen duena. Guk kalitate gose hori ase nahi dugu berrikuntza honekin, azal eta mami ukitzen duen berriketa honekin”.

ARGIAk informazioa, analisia eta entretenimendua eskaini nahi du. ARGIAk seriotasunez, konpromisoz eta zabaltasunez heldu nahi dio aktualitateari eta horretarako biltzen ditugu aldizkarian pentsamolde desberdineko sinadurak eta kolaboratzaileak.

Edukiei dagokienez, kultura eta aisia nabarmen bereizi ditugu astekariaren erdian. Asteko gaia eta asteko pertsonaia aldizkariaren hasierara eraman ditugu, gurean behintzat jarraipen handienetakoak direlako, iritzi saila sortu dugu eta aktualitatearen jarraipen zehatza egingo duen Termometroa saila ere bai.

Kalitatea, eta goi mailako gai eta sinadurak dira gure irakurleak etengabe eskatzen duena, eta nahi hori asetzea da gure helburua. Gure buruan gauza asko ditugu jira-biran, baina bi nagusiki, aktualitatea eta irakurlea. Hori da berrikuntza honekin eskaini nahi duguna.

Eraberritze honekin batera, prentsa idatziak ezarritako jokamolde batzuk aldatzen eta urteetako jardueran pilatzen joan diren kortse guztiak askatzen saiatu gara. Ez genion estruktura klasikoari segida eman nahi. Zentzu honetan, ARGIA berri hau ez da leku berean kokatzen diren sail finkoen multzo bat.

“Azkena” deritzon orrialdea eta besteren bat mantendu dugun arren, gure informazioa ez da jada “politika”, “nazioartea” edota “kultura” bezalako ataletan banatzen. Mamia astero lantzea, asmatzea, egituratzea, mimatzea eta gaietan orekatzea eskatzen duen astekaria egitea izan da gure apustua, astero ARGIA berri bat deskubritzea, asteroko sorpresa eskaintzea.

Hitz bitan, zurruntasuna kenduz, aldizkari freskoagoa, bat-batekoagoa, espontaneoagoa plazaratzea da gure asmoa. Eta, lehen zenbakian garaipena adieraztea itsusi bada ere, lortzea espero dugu.

Bide batez adierazi, astekaria ezagutu nahi duzuenok 3 ale doan jasotzeko aukera duzuela formularioa betez.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago