Teknologia albisteak

Hitza eta doinua Egunkariaren alde

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - Berako Kultura etxetik
2003-05-14 : 11:05

Euskal Herriko makina bat idazle eta musikarik hitza eta doinua paratu zituzten Egunkariaren alde ortziralean Berako ekitaldian. Giro goxoan, doinu lasai eta bikote bitxi artean joan zen emanaldia, 75 lagunen aitzinean.Sustatun testuak jaso ditugu.

Musikari dagokionean, Joseba Irazoki, Xabi Erkizia, Fernan Irazoki, Iñigo Telletxea eta Xabier Montoiak eman zioten hasiera emanaldiari. Gero etorri ziren Mikel Markez eta Iker Goenaga, bakoitzaren pieza bana elkarrekin jo zutenak; Imanol Ubeda (Bide Ertzean) eta Iñigo Arruti (Deabruak Teilatuetan); Jexuxmari Lopetegi eta Pettik eman zion akabera saioari. Idazleak txandan txandan taularatu ziren: Mikel Tabernak ezin agertua azalduagatik ere, testu bat prestatu zuen okasiorako; Jose Luis Otamendi, Castillo Suarez, Kirmen Uribe, Asier Sarasola eta Oier Gillan, Kepa Urbieta, eta Iñigo Aranbarri. Maiatzaren 15ean Laudioko Kafe Antzokian Hitza eta Doinuaren bertze emanaldi bat izanen da; maiatzaren 20an Bilboko Kafe Antzokian eta 28an Garaziko Garazikusen. Hauek Beran idazleek irakurritako testuetako batzuk:

MUNDUARI BEGIRATZEKO

Munduari begiratzeko modu bat
laguntzarrekin kantatzeko modu bat
horman eguzkia hartzeko modu bat
itxaroten jakiteko modu bat.

Pagoak ukitzeko modu bat
azalak irakurtzeko modu bat
hegohaizea usaintzeko modu bat
autoan negar egiteko modu bat

Ez onena agian,
ez ederrena agian,
zaharregia, txikiegia agian.

Begietara begiratzeko modu bat,
galderak egiteko modu bat,
eskutik heltzeko modu bat,
amets egiteko modu bat.

Ez onena agian,
ez ederrena agian,
zaharregia, txikiegia agian,
agian.

Kirmen Uribe

HERIOK EGUNKARIA IRAKURTZEN DU

Heriok egunkaria irakurtzen duelarik
Zuri eta bioi ezagunak zaizkigun izenetan erreparatzen du

Inoiz, bizkor pasatzen ditu politika orriak
Zalu nazioartekoa jenderekin gabeko infogramekin
Eta estrainekoz ikusten ditugun banderekin
(aspertu egiten da, lehendik bisittau dituen lurraldeak dira)
Ekonomiara eta dekorazioari buruzko gehigarrira heldu eta
argi halogenoei eta besaulki ergonomikoen publizitatean atseden
hartu gabe segitzen du normalean
Batzuetan, hasi orduko akitzen da, eta kiroletara heltzerako
uzten du mahai gainean, kafe kikaren eta laranja
mikatzen ondoan
Hildako hegazti zuri handi bat balitz bezala

Besteetan, ordea, kulturara heltzen da
Eta atzera eginda, arrunt manera kaotikoan
Nahi baino gehiagotan pausatzen ditu begiak iritzian
Edota agendara jotzen du, zineman, antzokian edota
kortzerturen baten
topatuko zaituen esperantzarekin
Eta orduan, zure izena irakurtzen du
Edo nirea, eta badakigu ez dugula irtenbiderik
Ihesa ezinezkoa dela
Aurretik beste asko bezala ehizatu gaituela

Eta inoiz, hala ere, bolanteari azken unean emandako kolpe zakar batek
salbatzen gaitu
Edota halabeharrari eurre egitek adorea duen bihotz atabiko batek
Zelula suntsiezin batek mantentzen gaitu bizirik
Egunkarietan jarraitu nahi izanen bagenu bezala

Zinez heri xelebrea gure hau
Heriok zer irakurri izan dezan eskatzen duen hau

Iñigo Aranbarri

HARRIAK ERAMATEN DITUT SAKELETAN

Harriak eramaten ditut sakeletan,
harri ttikiak,
maite ditudan harri koxkorrak,
kolore eta forma diferentekoak.

Harri horietako bakoitxak bere historia duela
ari nintzen pentsatzen
Basilio Lacortek nere gelako atea jo duenean.

Basilio Lacort Larralde beratarra zen; kazetaria.
Antimonarkikoa, antiklerikala eta liberala.
Egunkari bat sortu zuen: El Porvenir Navarro
Eta apezpiku baten aginduz eskomulgatu zuten,
eta bere egunkaria itxi zioten.
Orduan bertze egunkari bat sortu zuen: La Nueva Navarra.
Eta bigarren aldiz eskomulgatu zuten,
eta bigarren egunkaria ere itxi zioten,
erraten zituen gauzak arriskutsuak zirela
idurituko zitzaielako, duikabe,
orduko elizari eta aginte politikoari.

Hala ere, Basilio Lacort Larraldek,
bertze gisako Nafarroa bat,
Nafarroa berri bat nahi zuen beratar harek,
ez du umorea galdu.
Justu-justuan EHUN URTE pasatu direnean,
irri murritza eginez, konplize modura, honela erran dit:
“Harri ttipi bat nintzen apezpikuarentzat eta
gobernadorearentzat,
beren zapaten barrenean sartua.
Pentsa zer den harri txar bat zapataren barrenean eta
oinaren zolan!
Min egiten zieten nere ertz xorrotxek!”

Gustatzen zait sakelean harriak eramatea
eta bakoitxari bere izena jartzen diot.
Badut ttiki-ttiki bat hagitz berexia dena,
lagunen artean ibiltzen dugulakoz,
eskutik eskura,
edo sakeletik sakelera.
Lehenago Egunkaria deitzen genion,
orain Egunero
eta bihar Egunkari berria.

Eskuan dudanean,
ukitu duten mila eskuen beroa sumatzen dut;
eta belarrira ekartzen badut,
bere bihotz ñimiñoa aditzen dut,
nola ari den
taupaka!

Hitz txikizko amets txikiak

Esaidazu zergatik ez diren zure ametsak 32 orrialdetan sartzen. Zergatik ez diren hitzak mozten ahal eta amets handi baten ordez hamaika txiki eduki. Hitz txikizko amets txikiak. Esanen didazu ausarta ez zarela, baina nik ez dizut sinetsiko. Ausardia duzulako duguna baino proiektu hobea eraikitzeko. Eta ez proiektu bat bakarrik, herri oso bat eraikitzeko gai zara. Horregatik zaude gaur aulki horretan jarrita. Batzuetan atsedenik hartzeko betarik ez duzula esaten didazu, ez duzula gustukoak dituzun gauzak egiteko astirik. Eta zertarako astia zurea ez den mundu batean bizitzeko baldin bada. Dena den, es dizut sinesten gauza horiek esaten dituzunean. Zure ametsak ez baitira 32 orrialdetan sartzen.

Castillo.

Min berri bat egunero

Denon historia kontatzeko mundua nahiko genuke, baina arau hausterik gabeko zigorrak jaso ditugu trukean eta, gainera, eskatu gabe. Heriotza aurreratua proposatu dugute gure bidez bizi nahi dutelako. Eta hori ezinezkoa da. Legezko konedenak ez dira beti legitimoak. Mundua handiegia da denon historia kontatu ahal izateko, baina guk, gure aldetik, egunero egiten dugu mundu erraldoi hori irudikatzeko ahalegina.

Egunero min berri bat esleitzen digute, baina ez dugu hizki nahikorik behar bezala aditzera emateko. Eta zigor ixilak ez ditugu nahi, ixiltasuna ez dugu nahi, konpromiso hutsalak ez ditugu nahi, zedarriak, berririk gabeko egunkariak, isolamendu instituzionala, bi bandera batera. Pankarta ezberdineko herria nahi baduzu, zurekin noa, nirekin etor zaitezen. Egunkari oso bat dugu gure bidaia kontatzeko.

Castillo

Erantzun

Sartu