Teknologia albisteak

"Idatziak" liburua eskuragarri Debagoienetik kanpo ere

Erabiltzailearen aurpegia
Jose Felix Diaz de Tuesta - Arrasateko Udaleko Euskara Zerbitzua
2003-05-13 : 10:05

"Idatziak" liburua Debagoienetik kanpo eskuratu ahal izango da Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Elkar argitaletxeari esker. Bestalde, Arrasateko Udalak liburu hori eseki du bere Webgunean eta laster gauza bera egingo dute Debagoieneko gainontzeko udalek ere.

Joan den martxoan Debagoieneko udalek Idatziak liburua argitaratu zuten, eguneroko jardunean euskaraz idazten duten herritarrei laguntzeko. Liburuak hainbat idatzi eredu jasotzen du: hala nola, gomitak, zorion agurrak, doluminak, eskolako oharrak, erreklamazioak, etxe atariko auzokideen komunitateen idatziak... eta abar.

Debagoienean arrakasta handia izan du ekimenak. Horren isla da ia agorturik dagoela lehenengo edizioa eta kontuan izan behar da 10.650 ale argitaratu zirela. Hori dela eta, Debagoieneko udalak beste 4.000 ale argitaratzekotan dira.

Debagoienetik kanpo ere liburua bidaltzeko eskatu dute bai norbanakoek bai erakundeek ere (udalek, euskaltegiek, berritze guneek...). Orain arte eskari horiei ezin erantzun izan diegu. Laster Euskal Herri osoan eskuratu ahal izango da, berriki Gipuzkoako Foru Aldundiak Elkar argitaletxearekin izandako harremanei esker. Hortaz, bada, nahi duten udalek eta erakundeek aukera izango dute liburuaren edizio propioa egiteko, ale bakoitzeko 2,25 euro ordainduta (BEZa barne). Berariazko ediziorik nahi ez duten erakundeek eta norbanakoek 4,50 eurotan izango dute salgai. Argibide gehiago nahi izanez gero, deitu 943 48 35 15 telefonora edo bidali mezu bat blarranaga@kultura.gipuzkoa.net helbidera.

Bestalde, dagoeneko liburu hori Internet bidez eskura daiteke. Izan ere, Arrasateko Udalak bere Webgunean eseki du eta laster gauza bera egingo dute Debagoieneko gainontzeko udalek ere. Hortaz, bada, liburua ikusi eta erabiltzeko asmo duten guztiek webgune honetan dute eskuragarri: www.arrasate-mondragon.net

Erantzun

Sartu