Teknologia albisteak

Paper elektronikotik gertu

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-05-13 : 11:05

Ordenagailuaren pantaila malgua edo paper elektronikoa ez da dagoeneko amets zoro bat (edo zoro baten ametsa), baizik eta ikertzaileek gero eta gertuago duten aukera bat.

Oraindik ez da komuneko paperaren ordezkorik asmatu, baina ikertzaileak jo eta su ari dira paper elektronikoa garatu guran. Pantaila bat, hain malgua non bere baitan bildu eta sar baitaiteke zilindro batean eta, aldi berean, hain mehea non pasaraz baitaiteke ate azpitik.

Nature aldizkariak eman du horren berri. Yu Chen zientzilariak esan du bere enpresak, E Ink izenekoak, sekulako aurrerapausoa egin duela bide horretan.

Pantaila malgua egiteko, E Ink enpresako ikertzaileek landu dute altzairu herdoilgaitzezko mintz bat, gainean duena geruza mehe bat zirkuitoz betea eta kontrolatzen duena gaineko beste film bat, tinta elektronikoz egina.

Tinta berezi hori MIT institutuko zientzilari batek garatu du. Tintak dauzka milioika kapsula txiki-txikiak, gai oliotsu batez beteak. Karga negatiboz betez gero, txipak igerian geratzen dira kapsuletan; baita testu edo irudi batek seinalatzen dituenean ere.

Gaur egun informazioa eta argindarra kable baten bidez sartzen dira pantailan, baina Yu Chen-en taldea lanean ari da, lortzeko haririk gabeko teknika bat.

Aditu gehienek uste dute paper elektronikoa ezinbestekoa izango dela egiteko hurrengo belaunaldiko liburu eta egunkari elektronikoak. Hala ere, bada uste duenik gai horrekin egin litekeela arropa, erabili eta botatzekoa, edo kreditu txartel bereziak, erakutsiko lituzketenak balantzeak edo azken eragiketak.

Edo, nork jakin, komuneko paper berezia. Xabier Letek aurreratu zigun zerbait: Aurrean papera eta atzean papera, periodikua leituz ilustratzen gera.

Erantzun

Sartu