Teknologia albisteak

Adio eskuko telefonoen anonimotasunari

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Rojas - Hamaika Ikusteko
2003-05-12 : 10:05

LSSIrekin, telefono enpresak bezeroen dei guztien erregistroa egitera behartu zituzten. Hura ondo atera zitzaienez, orain bigarren pausua eman du Espainiako Barne Ministerioak: PPk berak proposatutako direktiba Europako Ministro Kontseiluan onartu egin delako aitzakiaz, hemendik aurrera eskuko telefono erabiltzaile guztiak identifikatzera behartuko ditu, kontratupekoak zein aurreordainketa-txartelekoak izan.

Hemen azaltzen denez, komunikazio pertsonalen pribatutasunaren aurkako beste eraso bat prestatu du PP-ren gobernuak, LSSI ezartzeko erabili zuen prozedura berbera jarraituz: Europako Ministro Kontseilura joan, bertan neurria proposatu, Kontseiluak neurri ez lotesle gisa onartu, eta Madrilgo ministerioak Europako Batasunak behartutako neurri moduan aurkeztu.

Lege berriaren arabera, telefonia enpresek aurreordaindutako txartelak erabiltzen dituzten 21.000.000 erabiltzaileak identifikatu beharko ditu banan-banan. Enpresek dagoeneko esan dute neurria ez zaiela batere gustatzen, teknika aldetik zaila eta garestia izateaz gain, eraginkortasun eskaseko neurria baita. Azken finean, behin SIM txartela erosita, ez dago modurik erabiltzen ari dena bere eroslea ala besteren bat den ziurtatzeko.

LSSI ditxosozkoaren kasuan egin zuten bezalaxe, oraingoan ere lasai egoteko esan dute ministerioan, hemen ez dela ezer gertatzen eta komunikazioak halabeharrezko kasuetan soilik zainduko direla. Eta guk sinetsi behar, noski.

Erantzun

Sartu