Teknologia albisteak
2

Applek musika jarri dio sareari

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-05-03 : 11:05

Apple enpresak musika zerbitzu bat sortu du sarean mac erabiltzaileentzat. Zerbitzua ordainpekoa da, merkeagoa, legezkoa eta eroslea musika horren jabe egiten duena. Urtearen bukaeran Windows erabiltzaileei irekiko die.

Apple enpresak hautsak harrotu ditu beste behin. Oraingo honetan, baina, musikaren esparruan. Sortu du zerbitzu bat musika sarean erosteko, iTunes Music Store, jende asko harri eta zur utzi duena. Oraingoz 200.000 abesti eskaintzen ditu, munduko hornitzailerik garrantzitsuenenak —Universal, Warner, EMI, Sony, eta BMG—. Zerbitzua uztarturik dago Applen iTunes 4 musika kudeatzeko softwarearekin eta erraza omen da erabiltzeko.

Nola dabilen

Lehenengo eta behin, jaitsi behar dira Applen webgunetik iTunes 4 eta QuickTime programen azken bertsioak. Biak doanekoak dira.

Ondoren ireki iTunes eta klik egin Music Store estekan, ezker aldeko zutabean. Hortxe daude, aukeran, 200.000 abesti. Entzun nahi izanez gero erosi aurretik, klik egin birritan abestiaren izenean eta 30 segundu entzungo duzu, itxaron beharrik gabe. Eta abesti bat erosi nahi duzunean, eman zure kontu korrontearen zenbakia eta klik egin eskuineko botoian, erostekoan. Ziztu batean, abestia finderrean izango duzu. Abesti bat kostatuko zaizu dolar baten 99 zentimo. Eta CD oso bat erostea, 10 dolar.

Behin zure ordenagailuan, abestia zeurea da. CD batean kopia dezakezu, beste inon entzungo dena, edo nahasteko gai izango zara beste abesti batzuekin batera, edo iPod jogailuan sar dezakezu, nahi duzunean entzuteko.

Fairplay teknologiaren mugak

Zerbitzu honek, baina, badu mugarik. Arik Hesseldahl kazetariak idatzi du Forbes aldizkarian Applek teknologia berri bat landu duela azken urteotan, Fairplay izenekoa, zeinaren bidez babesten baititu musika zigilu handien interesak.

  • Egin dezakezu CD baten kopia bat, gordetzekoa, zer gerta ere.
  • Egin dezakezu zeure gustuko diskoa, handik eta hemendik hartutako abestiekin, baina iTunes berriarekin zerrenda horren 10 kopia baino ezingo duzu egin. Hortik aurrera, aldatu egin beharko duzu zerrenda.
  • Abesti bat kopia dezakezu nahi adina iPod jogailutan. Baina bakarrik hiru ordenagailutan (bat etxean, beste bat lanean eta hirugarrena eramatekoan, adibidez).

Software honen bihotzean formatu berria izango da: AAC, Advanced Audio Code delakoa, konpresio ahalmen handiagoa omen duena MP3k baino. Frogatu dutenek diote CD baten kalitatea duela. Hala ere, formatu berriaz gain, musika zerbitzuak jarraituko du babesten MP3.

Gehiago irakurri nahi izanez gero gai honen inguruan, begiratu aldizkari hauetan: Salon eta Fortune.

Erantzunak

Joxe Rojas
2003-05-03 : 15:57

iPod mp3 erreproduzigailuen bertsio berria ere aurkeztu du Applek. Meheagoa omen da, joku sinple batzuk baditu, eta zurrumurru-guneek diotenez, musika iturburu analogikoetatik grabatzeko funtzio ezkutua ere badauka...


Bide batez, iTunes 4 berria ere euskaraz erabiltzeko aukera badago. Euskaraz jartzeko beharrezko instaladorea hemen eskura dezakezue. On egin!


Dick Turpin
2003-05-05 : 21:28

Appleko arduradunek esan dute milioi bat abesti saldu dituztela orain astebete sarean ezarri zuten musika dendan. Erdia, gainera, album osoak izan omen dira. Arrakasta itzela, beraz.


Horrekin batera, Applek esan du jendeak iTunes 4 programaren milioi kopia baino gehiago jaitsi dituela zerbitzu berria iragarri zenetik eta iPod jogailuaren 110.000 ale baino gehiago eskatu dizkiotela. AEB Amerikako Estatu Batuetan bakarrik 20.000 iPod saldu omen ditu asteburuan.


Oraingoz AEBetan bakarrik eros daiteke iTunes Music Store denda berrian. Applek iragarri du 3.200 abesti gehiago jarriko dituela salgai.


Informazio gehiago honen inguruan, hemen eta hemen.


Erantzun

Sartu