Oraingo asteburuan gasolina usaina maite dutenek hitzordu garrantzitsua dute Bartzelonan. Batetik, automobil erakusketa ikusteko aukera izango da, eta bestetik, 1-Formulako lasterketa korrituko da Montmelon.
Benetan ere erakusketa aparta egin dute Bartzelonan. Hori izan da antolatzaileen helburua, automobilaren gainean inoiz egin den ekitaldirik bikainena eta adierazgarriena egitea. Eta lortu dute, erakusketan denetarik ikusteko aukera egoteaz gain, erakusketa bera oso ikusgarria da-eta: 4x4 motako autoak probatzeko zirkuituak, ehunka auto, tunning eta Car Audio txapelketak, scalextric erraldoiak eta abar luze bat. Horrekin batera, bisitariek James Bonden filmetako hogei automobil ikusteko aukera ere izango dute, 1962tik gaur egunera artekoak. Horien artean, BMW, Bentley, Mercedes eta Rolls Royce autoak ikusteko aukera izango dute.
Esan bezala, erakusketan ehunka auto ikusteko aukera dago, baina badago zer azpimarratu: James Bonden autoak ikusteko modukoak dira, baita Seat markak jarri duen erakusketa ikusgarria ere. Ezin ahaztu marka horrek aurkeztu duen Seat Cupra GT autoa. Horrez gain, Jaguar, Bentley, Porsche, Ferrari, BMW eta Audi markek dituzte auto ikusgarrienak, baina seguru markaren bat edo beste utzi dudala bidean. Antolatzaileek guztira milioi bat bisitari jasotzea espero dute, eta joan den domekan ikusitakoaren arabera, kopuru hori gainditzea ez da zaila izango. Hori bai, munduko pazientzia guztiarekin joan, izan ere, autoak ikustera joango zarete, baina zuena aparkatzeko sekulako lana izango duzue.
Bartzelonako automobil-erakusketarekin batera 1-Formulako Sari Nagusia jokatuko da, eta bertara joateko sarrera erosten dutenek automobil-erakusketak eskaintzen duen guztiaz doan gozatzeko aukera izango dute. Oraindik sarrera eskuratu ez duzuenok hemen klikatu. Ostiralean eta larunbatean entrenamendu saioak izango dira, eta igandean izango da lasterketa handia, arratsaldeko ordu bietatik aurrera.
Aurten, Fernando Alonso lasterkari espainiarrak sortu duen ikusmina dela-eta, Montmelo zirkuitua lepo bete egongo da. Joan den urtean 230.000 pertsona izan ziren zirkuituan hiru egunetan. Lasterketa egunean 98.000 lagun izan ziren, eta antolatzaileen esanetan, publikoaren %75a atzerritarra zen. Aurten badirudi atzerritarren zenbatekoak behera egingo duela, asko izango dira-eta asturiar gaztea animatzera joango direnak.
Amaitzeko gomendio bat: asteburua gurpilei begira eta gasolina usaintzen igaro eta gero, kontuan izan A-2 autobidea ez dela Montmeloko zirkuitua, eta zeuon dieselak ez direla Schumacherren Ferraria.
Erantzun
Sartu