Teknologia albisteak

Spamaren aurka: benetako zaborra bidaltzaileari

Erabiltzailearen aurpegia
Osoitz Elkorobarrutia - Zuhar
2003-04-28 : 11:04

Interneteko spam edo zabor-mezu bidaltzaile handiena ehundaka kilo paper jasotzen ari da postaz egunero. Hainbeste denboran bere e-posta bidezko mezu zikinak jaso dituztenen mendekua da.

Gaur egun jasotzen dugun ePostaren %40a inguru zaborra da, webgune pornoen iragarkiak, argaltzeko pilulak, kasinoak eta beste hainbat eskaintza ezinhobe.

Estatu Batuak eta Europan jasotako zabor horren %90aren arduradunak ezagunak diren 150 pertsona dira, zerbitzarietatik behin eta berriro bota dituztenak eta batzuk juztiziatik ihesi dabiltzanak, eta hauen artean bereziki ezaguna da Alan Ralsky .

Alan Ralskyk ez du inoiz lotsarik izan bere dirutza nondik datorren publikoki onartzeko, ezta orain dela gutxi Michiganen eraiki duen 750.000 dolarretako etxe berriari buruz hitzegiterakoan zabor postaren aurka egindako ekintzetaz trufa egiteko.

Baina ez du gaitasun berdina besteotaz eta bere buruaz barre egiteko.

Erabiltzaile batek Alan Ralskyren etxe berriaren helbidea lortu eta Slashdot.org weblog famatuan argitaratu eta gero, koordinatu gabeko hainbat erabiltzailek ezagutzen zituzten paperezko katalogo guztietara apuntatu dute, eta postaontzia zaborrez bete (kasu batzuetan literalki).

Orain Alan Ralsky kexaka dabil, ez omen delako zilegi berak besteoi interneten egiten diena besteek berari materialki egitea.

Egia da, ez da gauza bera, bigarrena apurtxo bat zailagoa da.

Zuhar.net-eko foroak

Erantzun

Sartu