Pasatu egin zitzaigun, otsailean izan baitzen bozketa, Egunkariaren itxieraren biharamunean (otsailak 21), Sustatu eta beste asko zurrunbilo informatibo batean sartuta geunden haietan. Baina bai, Eusko Legebiltzarrak onartu du software librearen aldeko ekimena.
Espediente honetan dago jasoa prozedura, onartutako testua, Legebiltzarrean izandako agerraldien bideoak, Kontxi Bilbao Ezker Batukoak egin zuen proposamenaren defentsa (hau idatziz, ez bideoz) eta bozketaren emaitza. Bozketa otsailaren 21ean izan zen, eta legebiltzarkide guztiek bozkatu zuten alde. PPkoek zein Sozialista Abertzaleek.
Ebazpen proposamena, EA, EAJ eta Ezker Batuak egin zuten, eta hemen daukazue erabili zuten arrazonamendua.
Hirukoak ebazpen proposamen zehatza egiten zuen:
Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio behar diren azterlanak egin ditzala Administrazioan software librea sartzeko plan bat abiarazteko, eta berma dezala sistema informatiko guztiak software libreko sistemekin bateragarri izatea, hala herritar orok Administrazioarekiko harremanetan nahi duen software-a erabili ahal dezan.
Baina tramiteetan, bi gehikuntza proposamen izan ziren, eta biak onartu dira. Bi proposamenak interesgarriak dira oso.
PP-k proposatu zuen kontratazio publikoetan kontuan har zedila ebazpena, gehikuntza honekin:
Era berean, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, kontratazio publikoaren arloan indarrean den araudia betetzeari utzi gabe, ahal den gehiena susta ditzala bertako teknologia eta enpresak software librearen eremuan.
Eta PSE-EEk eskatu zuen azterlana egin ondoren, haren berri eta inguruko erabakiez informazioa eman dadila Legebiltzarrean agerraldi batean:
Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, aurreko puntuan aipatutako azterlanak egin ondoan, Legebiltzar honen aurrera ager dadila informazioa emateko bai azterlan horietaz bai karia horretara hartzeko asmoa duen erabakiez.
Bi gehikuntzak onartu ondoren, horrela geratu da onartutako ebazpena, denen aldeko botoarekin, bi artikuluko legez besteko proposamen gisa:
Hauxe da Legebiltzarrak onartutako testua:
1.- Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio behar diren azterlanak egin ditzala Administrazioan software librea sartzeko plan bat abiarazteko, eta berma dezala sistema informatiko guztiak software libreko sistemekin bateragarri izatea, hala herritar orok Administrazioarekiko harremanetan nahi duen software-a erabili ahal dezan.
Era berean, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, kontratazio publikoaren arloan indarrean den araudia betetzeari utzi gabe, ahal den gehiena susta ditzala bertako teknologia eta enpresak software librearen eremuan.
2.- Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, aurreko puntuan aipatutako azterlanak egin ondoan, Legebiltzar honen aurrera ager dadila informazioa emateko bai azterlan horietaz bai karia horretara hartzeko asmoa duen erabakiez".
Erantzun
Sartu