Liburua, larrosa eta EGUNKARIA
· Gaur, San Jordi egunez, katalanezko 30.000 Egunkaria bana dihardute herri katalanetan.
· "Plataforma per Egunkaria" taldearen ekimenez elkartasunezko edizioa argitaratu dute.
Eguneraketa, 12:20: Interneten osorik dago jada katalanezko Egunkaria.
Egunkaria kalean izango da bihar. Ez da euskaraz izango eta ez da Euskal Herrian banatuko, baina Euskaldunon Egunkaria bezala nazionala, zabala, independentea, profesionala eta militantea izango da.
Katalanez argitaratu da, Egunkaria Endavant mantxetarekin, eta Herri Katalan guztietan banatuko da, Lleidatik Mallorcara eta Valentziatik Perpinyanera. San Jordi egunez, liburua eta larrosarekin batera, Egunkaria ere eramango dute etxera 30.000 katalanek.
Izan ere, 30.000 aleko tirada egin dute Plataforma per Egunkaria taldekoek, eta dagoeneko jabetu dira gutxitxo ere izango direla. Plataformarekin bat egin duten ehun elkarteren artean banatzekoak ziren guztiak, baina beste hainbat lekuetatik ere eskatu dizkiete aleak, eta eskari guztiei erantzun ezinik dabiltza. 30.000 ale horietatik 18.000 Bartzelona hiriburuan banatuko dituzte (edo honezkero banatu dira), eta gainerako 12.000ak Herri Katalanetako herrialde guztietan.
Kazetak doan banatuko dira, borondatezko lanari eta lortutako publizitateari esker bere burua ordaintzea lortu baitu katalanezko Egunkariak.
Egunero.info-k horrela dakar berria:
Egunkariaren itxierak Katalunian izan duen oihartzunak eta erantzunak ez du etenik. Egunkaria Endavant katalanezko egunkariaren aurkezpena egiteko prentsaurrekoa eskaini zuten, atzo, ekimen hori gauzatu dutenek eta Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendariak, Bartzelonako Palau de la Virreinan. Prentsaurrekoa jendetsua eta beroa izan zen, baina hori ez da berria Egunkariaren itxieraz geroztik Kataluniak eman duen erantzuna ezinhobea izaten ari baita, Nazioarteko Moneta Funtsari Venezuela edo Brasilek zor diotena baino gehiago da guk zor dioguna Kataluniari, esan zuen Otamendik.
Plataforma per Egunkaria taldeak gaur argitaratu duen Egunkaria Endavant alea, osorik jarri du Interneten Vilaweb atari katalanak.
Ale digitala PDF formatuan dago, eta hemen dago.
Adi, Egunkariaren 32 orriak dokumentu bakarrean baitaude, eta pisutsu samarra baita (2.5 Mb).