Sustatu logoa Teknologia albisteak

Irakeko Informazio ministroa fitxatu du Microsoft-ek

Sustatu
2003-04-22 11:04

Mohammed Saeed al-Sahhaf erasoak iraun zuen bitartean telebistan behin eta berriro ageri zen ministroa zen. Erasotzaileen aurrerakuntza guztiak ukatzen zituen, etsaia buztana hankatartean ihesi zihoala esan, Irakeko indarren garaipenen berri eman, eta are kontraeraso larriagoak iragarri.

Estatu Batuetako indarrak Bagdaden bertan zeudela argi samar zegoenean ere horrelakoak botatzen zituen Informazio ministroak.

Bada, ministroaren esanak eta haren aurpegi seko serioa barregarri iruditu zaizkie estatubatuarrei, eta Interneten txantxa eta abarren izar bihurtu dute. Bereziki WeLoveTheIraqiInformationMinister.com webgunean (Irakeo Informazio ministroa maite dugu), izugarrizko trafikoa omen daukate azken egunetan. Ondorioz, zerbitzariak handitu dituzte eta merchandising mordo bat saltzen hasi. Besteak beste, Irakeko agintari ohien karta-joko ezagun hori.

Argazki trukatu eta halakoetan ere han eta hemen ageri da ministroa. Batek baino gehiagok komentatu du perfektua litzatekeela Estatu Batuetako hainbat konpainia handiren harreman publikoez arduratzeko, hain dute gezurti fama. Eta teknologiaren alorrean, dudarik gabe, Microsoft da harentzako lanpostu aproposena.

Horra, pare bat adibide:

Ez da dena, ordea, Microsoften kontrakoa gerra ondorengo honetan. Albiste honetan diotenez, Irakeko petrolio instalazioen makinaria martxan jartzen ez omen dute marine-ek arazo handirik izan. "Microsoft da azken batean, hizkuntza arabieratik ingelesera konfiguratu, eta martxan jarri ditugu", dio ofizial batek. Zorionak, gizona, horixe zen lehentasuna, ez ospitaleak edo ondare kulturala...

Mohammed Saeed al-Sahhaf ministro ohiari dagokionez, iturriren batzuek esan dute suizidatu egin dela. Zurrumurru bat besterik ez da.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu