Sustatu logoa Teknologia albisteak

Acebesen programa informatikoak erabakiko omen du nor aurkezten den hauteskundeetara

Sustatu
2003-04-21 11:04

Joan den astean Europa Press agentziak zabaldu zuen albiste baten arabera, Espainiako Barne Ministerioak programa informatiko bat prestatu du, datubase oso batekin, aurreko hauteskundeetan HB, EH edo Batasunaren izenean aurkeztutako hautagai guztien izenak bilduz.

Hego Euskal Herriko fiskalek, hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzen zerrendak datu base horrekin erkatuko omen dituzte, ahalik eta azkarren helegiteak aurkezte aldera.

Prozesu informatikoak Batasunaren debekua haren ordezko izan daitekeen edozerren debekua ahalbidetu nahi du. Izan ere, oso epe laburra izango dute Espainiako fiskalek. Hortaz, frogarik, prozedurarik edo ikerketarik barik, izenak datubasean dauden edo ez konprobatzea izango da, nonbait, fiskalen lana.

Epeak estuak dira benetan. Hau da hauteskundeak bitarte geratzen den egutegia.

  • Gaur, apirilak 21. Hautagaitza zerrendak aurkezteko azken eguna.
  • Etzi, apirilak 23. Tokian tokiko junta elektoralak hautagaitzak publiko egingo ditu, eta jasotako zerrendetan antzemandako akats eta irregulartasunak jakinarazi beharko ditu.
  • Apirilak 25. Hautagaitzan akatsa edo irregulartasunak dituztenek egun honetarako jaso beharko dute abisua haiek zuzentzeko.
  • Apirilak 26-27-28. Irregulartasunak zuzentzeko epea.
  • Apirilak 29. Junta elektoral zentralak hautagaitzak argitaratuko ditu BOE Espainiako buletin ofizialean.
  • Apirilak 30 - Maiatzak 1. Bi egun horietan aurkeztu beharko dituzte fiskalek beren helegiteak. Egun horietan testeatuko omen da Acebesen datubasea.
  • Maiatzak 9. Hauteskunde kanpainaren hasiera.
  • Maiatzak 25. Udal eta foru hauteskundeak.

Bestalde, debeku informatizatu hauen helburu nagusi den Autodeterminaziorako Bilguneak (AuB) bere programa eta hautagai nagusien informazioa jarria du dagoeneko Interneten, AuBilgunea.org webgunean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu