Teknologia albisteak

CNNk hiltzat jo zuen Aita Santua

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2003-04-19 : 12:04

CNNk hutsegite nabarmena egin zuen hil honen 16an: bere webguneak hiltzat jo zituen Aita Santua, Fidel Castro, Bob Hope, Nestor Mandela, Dick Cheney, Ronald Reagan eta Gerald Ford.

Jakina da hedabide handietan aurrez prestatzen direla pertsona ospetsuen hileta-oharrak. Antza denez, CNN telebista katearen webguneak ere prest ditu horrelakoak, baina aurreko egun batean, gura barik ipini zituen zerbitzarian edozeinek ikusteko moduan, Google bilatzailetik sartuz gero.

Aita Santuaren hileta-oharrarekin batera, beste sei ikus zitezkeen —Fidel Castro, Bob Hope, Nestor Mandela, Dick Cheney, Ronald Reagan eta Gerald Ford—, gezurrezkoak bezain egiantzekoak.

Fark.com webguneko lagunek ikusi zuten lehendabizi eta haiek zabaldu zuten berria. Guztira 20 minutu baino ez zuten egin sarean hileta-oharrok, baina kendu orduko milaka lagunek ikusi zituzten. The Smoking Gun webguneko lagunek, berriz, gorde egin zituzten, guk ikus genitzan.

Badirudi Peter Rentz CNNko goi mailako multimedia diseinatzaile batek egin dituela, denak iragan martxoan Ingalaterrako erreginaren ama hil zenean atera zutenaren estilo berean eginak.

Hil hadi eta goratuko haute

Ez hil eta ez bizi daude hileta-oharretan agertu ziren ospetsu horietako zenbait, baina ez dira kexatuko, zeren CNNren oharretan sekulako loreak esaten baitziren haien gainean.

Dick Cheney lehendakariordearen gainean, esate baterako, hauxe zioen: “hainbesteko esperientzia eta sinestamendua ekarri zion bere lanari, ezen mihi gaiztoek esaten baitzuten bera zela benetako agintaria Bush lehendakariaren atzean”.

Ronald Reagan goratzen zuten “dena irabazi zuelako”. Amaieran zioen “egia bihurtu zituela institutuko argazki liburuan idatzi zituen hitzak: bizizain, atleta, aktore, gobernadore eta lehendakari”.

Bob Hope aktorea, berriz, “artista haragi bihurturik ikusten zuten milioika lagunek XX. mendean”.

Erruduna, kale gorrira

Aditu batek esan omen du, “mundu guztiak daki hileta-oharrak aurrez prestatzen direla, baina oso larria da berauek argitaratzea heriotzak gertatu aurretik, eta baten batek larrutik ordainduko du”.

CNNk barkamena eskatu eta aditzera eman du ez dela larregi esatea hanka sartzearen erruduna kalera egotzi duela.

Diseinuari dagokionez, hileta-oharrak txukunak dira eta, ikusi nahi izanez gero, hemen dituzue falta direnak: Nelson Mandela, Fidel Castro, eta Gerald Ford.

Erantzun

Sartu