Teknologia albisteak
1

Fermin Muguruzak eskertu du Musika Sarietan gertatutakoaren ondorioz izandako elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia
lazkaotxikiforever - Donostiyatik
2003-04-16 : 13:04

Apirilaren 15ean bere webgunean jarritako azken komunikatuan zenbait berri eman ditu musikari irundarrak eta Estatu Espainoleko musikari, kazetari eta zale askoren mezuak eskertu.

Apirilaren 10ean Canal Plus telebistaren aurrean nengoen Musika Sariak izeneko gala jarraitzen. Ez zegoen gaizki aurkezle lanetan aritu zen bikotea, Pepín Tre-ren laguntzarekin. Espero bezala zihoan gala. Hau da, Operación Triunforen atzean dagoen Vale Music enpresa disketxe independente onenaren saria jasotzen eta antzerakoak.

Ezustekoa izan zen Lluis Llach ez agertzea saria jasotzera, baina, tira, agian espero zitekeen antzeko zerbait.

Euskal kantarik onenaren sarirako hiru hautagairen abestiak: Amaia Zubiria, Benito Lertxundi eta Fermin Muguruza. Egia esatea nahi baduzue, zeozer gertatuko zela espero nuen. Eta, gainera, nahiz eta ez jakin ezer, Euskaldunon Egunkariari buruzko aipamenik egongo zela garbi nuen.

Fermini eman zioten saria. Eta hara igo zen “Egunkaria aurrera!” kamiseta soinean zuela. Txistuak-eta hasi ziren Egunkariaren itxiera armen poderioz egin zela aipatu zuenean. Urduri hitz egin zuen, korrika eta presaka esan beharrekoak esateko.

Atzo argitaratu zuen Muguruzak komunikazio berria. Hor eskertu egin ditu jasotako mezu, txalo eta besarkadak. Gala egin zen tokian bertan hasi omen zen jasotzen, nahiz eta bere ondoren taula gainera igo ziren saridunek ezer ez aipatu.

Lavapies auzoan ospatu zuten saria, El Laboratorio izeneko gune okupatuan. 800 lagundik gora bildu zen bertan Papuchi, Begoña Bang Matu eta Ferminek eskaini zuten kontzertu inprobisatuan.

Pasa den aste bukaeran, Egunerorekin batera “Irun meets Bristol” lana erosteko aukera zegoen. 8 euro horiek euskarazko egunkari berria bultzatzeko lan-taldearentzat izango dira. Hala ere, hemendik aurrera modu konbentzionalean jasotzerik egongo da. Disko hau Bristol inguruko musikariek “In-komunikazioa” diskoaren kantak nahastetik etorri da.

Bestalde, Manu Chaorekin batera martxan jarritako “Jai-Alai Katumbi Express” proiektua Frantzia, Holanda eta Belgikatik barrena ibiliko da maiatza eta ekainean.

Bukatzeko, komunikatu honek ere aipatzen du Juan Etxenikek idatziriko artikulua Rebelión aldizkari elektronikoan.

Erantzunak

Oier
2003-04-16 : 14:57

Nik ez nuen zuzenean ikusi, kontatu egin zidaten, eta gero albistegi batean zati txiki bat baino ez nuen ikusi. Lotsagarria izan zen jendearen erantzuna. Txistuka??!! Fermin Muguruzak bolumena igo zuen orduan, aurre eginez, arrazoiarekin gainera! Web guneko komunikatua ez dut oraindik irakurri, baina Muguruzaren zalea naiz eta tarteka bisitatzen dut bere web-gunea(www.muguruzafm.com), eta aritzen naiz komunikatuak eta irakurtzen. Muguruzak hau irakurtzeko aukerarik badu, ba hemendik ere, nire elkartasuna.

Erantzun

Sartu