Teknologia albisteak

Apple, Universal Music erostekotan

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-04-15 : 12:04

Apple enpresak Universal Music erosi nahi omen du. Hil honen amaieran, gainera, musika zerbitzu bat sortu eta iPod berriak aurkeztuko ditu.

Los Angeles Times egunkariak kaleratu du berria: Cupertinoko ordenagailu egileak erosi nahi du Universal Music, munduko zigilurik handiena, berak bakarrik CD guztien %25 saltzen baitu.

Antza denez, Applek eta Vivendik badaramate pare bat hilabete negoziatzen. Multinazional frantziarra zorrez josita dago eta dirua behar du lehenbailehen. Applek, berriz, ziurtatu nahi die musika eskaintza oparoa bere ordenagailuen erabiltzaileei. Izan ere, gaur egun sarean dauden musika zerbitzu gehienek Windowsentzat bakarrik egiten dute lan.

Applek ordainduko lituzke 5-6 mila milioi euro. Berak bakarrik ez daukanez diru hori, litekeena da Pixar enpresak ere dirua jartzea. Steve Jobs da Pixar enpresako jabea eta Appleko lehendakaria.

Universal Music erosi aurretik, baina, Applek beste auzi bat konpondu behar du, Beatles taldeak aurretik zuen-eta erregistraturik Apple Corp izena. Beatles-ek auzitara jo zuten 1989an eta 1990an konpondu egin ziren, baldintza batekin: ordenagailu egilea ez zela sartuko musikan. Applek orduan 26,4 milioi dolar eman zien Liverpoopeko musikariei. Antza denez, alde bien abokatuak berriro ari dira nola konpondu datorren arazoa.

Musika zerbitzua sarean

Hil honen bukaeran, bestalde, Applek musika zerbitzua eskaini nahi du sarean. Badirudi dagoeneko baduela musika zigilurik handienen oniritzia zerbitzu hau ezartzeko.

Horrekin batera, Applek aurkeztuko ditu iPod berriak, 15GB eta 30GBekoak. Berrikuntza dezente ekarriko dute kontroletan, eta sehaska bat transferentziak eta kargak egiteko. iPod guztiak gai izango dira zuzenean jaisteko musika zerbitzu berritik. Hala ere, ez da oinarrituko MP3 formatuan, baizik eta Dolby etxearen AAC delakoan, antza denez, kontrolatzeko kopiak-eta.

Erantzun

Sartu