ZNet (Z Magazine) gune progresistak gerraren eta Inperialismoaren kontrako manfestua atera du, eta han "Basqueland"ekoek ere badugu lekurik sinatzeko.
Euskaldunok badugu sinatzerik gure herriaren izenean gerraren eta inperialismoaren aurkako manifestu horretan (hau da, sinatzaileak bere datuak zehazterakoan, badu herrialdeen zerrendan "Basqueland" aukera hautatzerik): Zmag.org
Manifestuaren puntu batzuk hauexek dira (Anak itzuliak):
Bakearen eta justiziaren alde nago. Demokraziaren eta autonomiaren alde nago. Ez dut uste AEBk edo beste ezein herrialdek entzungor egin behar dionik jendearen borondateari, ez eta nazioarteko zuzenbidea hautsi eta ahuldu behar duenik, Segurtasun Kontseiluan liskarreria harroputzez jokatuz eta botoak erosten saiatuz. Internazionalismoaren alde nago. Ez dut nahi inongo herrialde munduan barrena base militarren sare gero eta handiagoa zabaltzen joatea, eta parerik ez daukan arsenala eratzea. Horren kontra nago.
Berdintasunaren alde nago. Ez dut uste AEB edo beste ezein herrialde inperioa sortzen saiatu behar denik. Ez dut uste AEBk Ekialde Hurbileko petrolioa kontrolatu behar duenik enpresa estatubatuarren onerako eta beste herri batzuen kontrol politikoa lortzeko.
Askatasunaren alde nago. Erregimen basatien kontra nago, Iraken eta beste edozein lekutan, baina aurrea hartzeko gerraren doktrina berriaren kontra ere banago, gatazka etengabe eta oso arriskutsua ziurtatzen baitu, eta arrazoi horrexegatik hartzen baitituzte Amerikako Estatu Batuak bakearen kontrako mehatxu nagusitzat munduaren parte handi batean. Inperialismoaren, diktaduren eta era guztietako fundamentalismo politikoen aurkako herri-jazargoa bultzatzen duen kanpo politika demokratikoaren alde nago. Elkartasunaren alde nago. Behartsuen eta baztertuen alde eta eurekin bat eginda nago. Desinformazio izugarria gorabehera, milioika pertsona daude gerra bidegabe, legez kanpoko eta inmoralaren aurka, eta nik ere neure ahotsa erantsi gura diet euren ahotsei. Mundu osoko buruzagi moralekin nago, munduko langileekin, eta mundu osoko herrialdeetako populazioen gehiengo ikaragarriarekin.
Aniztasunaren alde nago. Etorkinen eta koloreko pertsonen kontrako arrazakeria desagertzearen alde nago. Zapalkuntza desagertzearen alde nago, nire herrian eta atzerrian.
Bakearen alde nago. Gerra honen aurka nago eta gerra eta bidegabekeria elikatzen dituzten baldintza, pentsaera eta erakundeen kontra nago. Jasangarritasunaren alde nago. Biziek oro ezinbesteko dituzten basoak, lurzorua, ura, ingurugiroaren baliabideak eta biodibertsitatea suntsitzearen aurka nago.
Justiziaren alde nago. Norgehiagoka zoroa bultzatzen duten erakunde ekonomiko, politiko eta kulturalen aurka nago, botere desberdintasun eta desberdintasun ekonomiko izugarrion aurka; izerdi-zulo eta esklabutzaraino, arrazakeria eta genero eta sexu hierarkietaraino heltzen den enpresa-zapalkuntzaren aurka.
Gerrarako eta helburu militarretarako dirua osasunera, hezkuntzara, etxebizitzara eta lanpostuetara bideratuko duen politikaren alde nago.
Bere erakunde politiko, ekonomiko eta sozialen bitartez, elkartasuna sustatu, berdintasuna bultzatu, partaidetza ahal den gehiena areagotu, aniztasuna goraipatu eta erabateko demokrazia sustatuko duen mundu baten alde nago. Bakearen eta justiziaren alde nago, eta, areago, konpromisoa hartzen dut bakearen eta justiziaren alde lan egiteko.
Z Magazine Chomsky eta Alberten inguruko argitalpen progresista da, eta haren inguruan ZNet eratu zen 1995ean Oso estimu handitan dago intelektual guztien artean.
Egunkariaren itxiera izan zenean ere lortu zen esteka bat jartzea Igor Leturiaren orrirakoa; ikaragarrizko lana egiten ari dira beti bakearen eta giza baloreen alde.
Manifestua osorik dago euskarara itzulita eta ZNet-ekoen esku dagoeneko, baina oraindik ez ei dute eskegitzeko astirik izan. Besteak beste, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez irakur daiteke.
Eman bagiratu bat, merezi du eta
k & a.
Gainera Not in Our Name-eko "erresistentzia agiria" ere euskaratuta dago hementxe:
http://www.notinourname.net/pledge_xlations/PledgeInBasque.html
k.