Sustatu logoa Teknologia albisteak

Amerikarrak Bagdaden sartu dira

Sustatu
2003-04-09 17:04

Eguerdian ikusi dugu telebistan: amerikar tropak Bagdaden bihotzean sartu eta posizioak hartzen ari dira. Apenas aurkitu duten erresistentziarik. Zenbait lekutan, bestalde, bagdadarrak lapurretan ari dira. Badirudi Irakeko gobernua erori egin dela.

Bi kazetari euskaldun ikusi ditugu Palestine Hoteletik hitz egiten, Bagdaden: Joseba Iriondo Euskal Telebistan eta Jon Sistiaga Tele 5n. Azken honek kameraria galdu zuen atzo, amerikar tanke batek José Couso hil zuenean. Gaur ETBko kamerari bat ari zitzaion haren lana egiten.

Batak zein besteak erakutsi dute nola berrehun inguru marine amerikar sartu diren Bagdaden, Palestine Hotelaren aurrealdean. Batzuk M1 Abrahams gudu orgetan zetozen. Besteak, Bradlee gerra ibilgailuetan. Apenas egin duten disparorik. Eta jendea inguratu egin zaie, ongi etorria emateko eta hitz egiteko.

Joseba Iriondok esan du Bagdad anabas itzela bihurtu dela, kaosa, ez dagoela aginterik eta zenbait auzotan jendea lapurretan hasi dela. Irudietan garbi ikusi da hori. Antza denez, Irakeko Telebista ofiziala ere isilik dago eta agintari militarrak gaur ez dira agertu hedabideen aurrean. Joanak dirudite, beraz.

Non dago Sadam?

The Wasington Times egunkariak eta AEBetako zenbait hedabidek diote Sadam Hussein hilda dagoela, AEBetako inteligentzia zerbitzuek ikusi zutela sartzen jatetxe batean, non egitekoa zen bilera bat bere seme biak eta gobernuko kideekin. Eta amerikarren hegazkinek eraikina erabat suntsitu ostean, ez zutela ikusi irteten.

Erresuma Batuko zenbait hedabidek, aldiz, diote Sadam bizirik dagoela, justu irten baitzen eraikinetik, bilera hasi aurretik.

Kontuak kontu, badirudi amerikarrek bi satelite espia dituztela, Micron eta Trumpet, zeinen bidez Sadamen arrastoa jarraitu nahi duten, ihes egin ez dezan.

Planto Aznarri

Gaur eguerdian kazetari talde batek planto egin dio Madrilen Jose Maria Aznar Espainiako lehendakariari, hau joan denean Espainiko Senatura hitzaldi bat ematera. Beraien aurrean pasatu denean, kazetariek lurrean utzi dituzte kamerak, mikroak eta koadernoak, eta lurrean utzi dituzte, protesta gisa Bagdaden hil diren kazetari espainiarrengatik. Aznar hitz egiten hasi da, baina kazetariak ez dira sartu.

Beste horrenbeste egin diote Espainiako Atzerri ministroari, Palacio andreari, Erresuma Batuko Atzerri ministroarekin agertu denean: laneko tresnak lurrean utzi.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu